Skate parke berria eraikiko dute Izarraizko Atean

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 2a, 16:06
Zaletuak, udal ordezkariak eta Gaztelekukoak, skate parke berria eraikiko duten tokian. (Azpeitiko Udala)

Sanjuandegiko skate parke zaharrean ibiltzen diren zaletuek, Gaztelekuko nerabeek eta udalak elkarlanean diseinatu dute, eta udalaren aurreikuspenak betetzen badira, udaberrian erabilgarri izango da kirol gune berria. Obra esleitzeko lehiaketa publikoa martxan da.

Skate parke berria eraikiko du Azpeitiko Udalak Izarraizko Atea parkearen eremuan. Erakundeak jakinarazi duenez, "zaletuek eta udalak" adostuta eraikiko dute kirol gune berria, eta Sanjuandegiko skate parke zaharrean ibiltzen diren zaletuek, Gaztelekuko nerabeek eta udalak elkarlanean diseinatu dute skate parkea.

"Dena ondo bidean", udaberrian erabilgarri izango da Izarraizko Ateko skate parkea. Izan ere, lanak esleitzeko lehiaketa publikoa martxan du dagoeneko udalak: hil honen 13a izango da obra eskaintzak aurkezteko azken eguna, eta kontratua esleitu ondoren, "lau bat hilabeteko epea" izango du lehiaketaren irabazleak eraikuntza lanak bukatzeko.

Skate parke berriaren pistak 1.310 metro koadro inguruko eremua hartuko du Izarraizko Atean, eta Loiolako Inazio Hiribidearen alboko zelaian eraikiko dute. "Parkea inguruan integratuz, eremuari bizia eman eta herriko beharrei erantzutea da helburua. Bertan, street eta art skateboarding modalitateetarako egokia den azpiegitura egingo da. Bi gune izango ditu, baina lotuta egongo dira biak. Azpiegiturak hasiberri zein esperientzia duten zaleentzako aukera desberdinak eskainiko ditu", azaldu du udalak.

Skate parke berriaren ezaugarriekin jarraituz, "erdigunean bainera" izango duela eta "egitura berean hiru gune egingo" direla gaineratu dute udal arduradunek: "Ertz eta kurba desberdinak izango ditu, eta 4,5 zentimetroko spin-aren bidez elkartu eta zabalgunean bilduko dira. Horretaz gain, street gunea ere izango da erdigunearen eta baineraren artean, patinatzeko elementu desberdinekin".

Udala eta zaletuak, gustura

"Gero eta zaletasun handiagoa dago herrian patin, monopatin, skate eta bizikletetan ibiltzeko. Zaletasuna duten talde desberdinen eta nerabeen artean egin zen parte-hartze prozesuan azaldutako beharrak eta eskaerak aztertuta osatu dugu denon artean proiektu berria", adierazi du Mikel Odriozola zinegotziak. Parkea definitzeko prozesuan "guztiek hartu dute parte", nabarmendu du Odriozolak, eta gustura dago: "Beraiek dakite zer den behar dena, eta modalitate desberdinetan aritzen diren hainbat gazteren ekarpenetatik abiatuta egin dugu diseinua".

Zaletuen lehen eskaera Sanjuandegin dagoen skate parke zaharra berritzea eta moldatzea zela azaldu du zinegotziak, baina aukerak aztertu ondoren, parke berria eta beste toki batean egitea egokiagoa zela adostu zuten: "Sanjuandegikoa berritzeko helburuarekin hasi ginen, hori zelako eskaera. Proiektua egin genuen, baina zaharra izanda eta gunea ere mugatua izanda, zaila zen. Horretaz gain, zaratak direla-eta gune hori ez da oso egokia. Horregatik, gune berri batean egitea proposatu genuen, eta horrela egingo dugu".

Herriko skate parke zaharraren erabiltzaileak ere pozik azaldu dira proiektu berriarekin. Iñigo Garcia da horietako bat, eta azkenean Izarraizko Atean eraikiko den skate parke berriaren prozesuan parte hartu duenetako bat ere bada. "Guk beti zaharra berrituko zela uste izan dugu. Lekuz aldatzeak pena pixka bat ematen dit neuri, beti hor ibili garelako, baina berria eraikiko den gunea ere egokia eta ederra da, eta oso gustura gaude osatutako proiektuarekin", dio Garciak. Azpeitian lineako patinetan, monopatinetan, skatean eta bizikletan ibiltzen diren 30 lagunetik gora daudela zehaztu du, eta denen artean hitz egin dutela azaldu du Garciak. "Modalitate desberdinetan ibiltzen garenon artean egin dugu proiektu berriaren lanketa eta oso gustura gaude osatutako proiektuarekin", berretsi du.