Gutuna

Azpeitiko Udalaren jarreraren aurrean

Julen Iparragirre, Mikel Maiz, Iosu Mendiluze eta Xuban Salegi (Haginpe kooperatiba elkartea) 2021ko abe. 2a, 15:37

Julen Iparragirre, Mikel Maiz, Iosu Mendiluze eta Xuban Salegi Haginpe kooperatiba elkarteko kideek idatzitako gutuna da honako hau.

Tabernaren bigarren urteurrena betetzear den honetan, tabernaren ibilbidea gogoratu eta ospatzeko egitaraua antolatu nahi izan dugu bertako kideok. Egitarau horretan antolatu genuen larunbateko bazkaria, ordea, Azpeitiko Udalak debekatu egin digu. Egoera horren aurrean, egitarauaren moldaketa bat egin behar izan dugu, baina ez gara horregatik isilik geratuko gertatu zaigunaren aurrean. Izan ere, COVID19-aren aitzakiapean aplikatzen ari diren neurri diziplinatzaileek, gure ustez, gutxi daukate sanitariotik, eta gure bazkariaren debekua horren beste adibide bat baino ez da.

Horrez gain, kontrol soziala eta gazteen kriminalizazioa ardatz orokor izan dituen aterabide polizialak gure herriko udalaren babesa izan du pandemia osoan zehar, eta gurea bezalako herrietan udal taldeek nahi dituztenak eta bi galarazi dituzte demokraziaren eta guztion ongizatearen izenean. Hala ere, ez dute konplexurik izan astebete beranduago azoka herrikoia antolatzeko, leku berean. Horrek erakusten du Azpeitiko Udalaren interes partidista eta diskriminatzailea irizpide sanitarioen gainetik dagoela. Guk, bazkaria antolatzeko aforoa mugatzeko borondatea erakutsi eta debekuak zentzurik ez duela argudiatu arren, ez dugu aukerarik izan gure urteurrena normaltasunez aurrera eramateko.

Egoera erasokor horren aurrean, egitarauarekin aurrera egitea zentzuzkoena dela uste dugu, eta horregatik gainerako ekintzak berdin gauzatuko ditugu. Beraz, debekuen gainetik, ostegunetik hasi eta larunbatera arte iraungo duen urteurrenean parte hartzera animatzen zaituztegu berriz ere.

Segi dezagun elkarrekin hasitako proiektu hau indartzen!