Koronabirusa Azpeitian

Azken hiru egunetan 116 positibo zenbatuta, gora egin du Azpeitiko intzidentzia tasak

Aitziber Arzallus eta Julene Frantzesena 2021ko abe. 2a, 12:30

2.634,69ra igo da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa herrian. Hego Euskal Herrian tasa altuena duen 5.000 biztanletik gorako herria da Azpeitia.

Positiboen kopuruak eta intzidentzia tasak goraka jarraitzen dute Azpeitian. Hego Euskal Herrian orokortua da bi datu horien gorakada, baina orain arte herrian izan den intzidentzia tasarik altuenera iritsi da gaur Azpeitia: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan 116 azpeitiarrek –astelehenean 30ek, asteartean 62k eta asteazkenean 24k– eman dute positibo, eta beraz, 2.634,69ra igo da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa.

Datuok tarteko, intzidentzia tasa altuena duen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herria izaten jarraitzen du Azpeitiak. Azken asteetan nabarmena da positibo kopuruaren gorakada herrian; izan ere, hainbat gela itxita daude ikastetxeetan eta egunero ilara luzeak egoten dira anbulatorioaren ondoan COVID-19a atzemateko probak egiten dituzten lekuan.

Eskualdea ere gorri

Aste honetako bigarren txostena da Jaurlaritzak gaur kaleratu duena, eta oraingoak ere ez dakar berri onik: astelehenaz geroztik, 297 positibo baieztatu dituzte Urola Kostan. 11 herrietako inor ez da libratu, denetan izan dute kasuren bat, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa baxuena duen herriak ere 770etik gorakoa du.

Azpeitia dago tasarik altuenaren buruan, baina haren atzetik da Zarautz, 1.182ko tasarekin, hiru egunean 86 positibo batuta. Azkoitiko zenbakiak ere, pixkanaka-pixkanaka, okerrerantz doaz. Astelehenaz geroztik 29 positibo baieztatu dituzte han, 935era igo da intzidentzia tasa. Orion eta Zumaian, berriz, 815eko intzidentzia tasa dute. Orion hamar positibo atzeman dituzte azken hiru egunotan, eta Zumaian, 22.

Eskualdeko gainontzeko herrietako intzidentzia tasak ere oso altuak dira, baina kontuan izan behar da zenbat eta biztanle gutxiago, positibo bakoitzak orduan eta eragin handiagoa duela tasan. Hala ere, azken hiru egunotan aipatzeko moduko positibo kopurua pilatu dute batzuek: Getarian hamahiru izan dituzte, Zestoan bederatzi, eta Aian zortzi. Azkenik, Beizaman bi positibo atzeman dituzte, eta Aizarnazabalen eta Errezilen, bana.

Ia 2.000 positibo

Hego Euskal Herriko datuak ez dira hobeak: atzo, denera, 1.924 positibo atzeman zituzten. Dena dela, esan beharra dago koronabirusa detektatzeko egiten ari diren proba kopurua ere duela aste batzuetakoa baino askoz handiagoa dela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 13.425 test egin zituzten atzo, eta horietatik 1.361ek eman zuten positibo. Igandean, aldiz, 6.389 test egin zituzten, eta 663 izan ziren positiboak. 

Erietxeetako egoera ere okertzen doa pixkanaka. Duela hamar egun, Osakidetzaren zentroetan 168 lagun zeuden ospitaleratuta eta 31 zeuden Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Orain, berriz, 207 daude ospitaleratuta, eta 55 daude ZIUetan. 

Labiren bilera

Eusko Jaurlaritzak asteartean jakinarazi zuen berriz osasun larrialdi egoera ezarriko duela, eta hainbat hedabidek aurreratu dutenez, bihar izango da Labiren bilera, nahiz eta Iñigo Urkullu lehendakariak ez duen hori baieztatu. Osasun larrialdia ezartzeko eta COVID ziurtagiria martxan jartzeko izango da bilkura. Bertan zehaztuko dute zer neurri murriztaile sartuko diren indarrean osasun larrialdia ezartzearekin batera. Besteak beste, COVID ziurtagiria nola eta noiz ezarriko duten zehaztuko dute, Espainiako Auzitegi Gorenak erabiltzeko baimena eman baitio Jaurlaritzari.