Bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko zerbitzua ezartzeko konpromisoa berretsi du Urola Kostako EH Bilduk

Aritz Mutiozabal eta Amaia Urbieta 2021ko abe. 2a, 11:59
Eskualdeko udaletako EH Bilduren ordezkariak Zarautzen egin duten agerraldian.

Zerbitzu hori ezartzeak ezin duela "gehiago itxaron" adierazi dute, eta jakinarazi dute EH Bildu gobernuan den herrietan horretarako partidak bideratu dituztela 2022ko udal aurrekontuetan.

Eskualdeko udaletako EH Bilduren hainbat ordezkarik, tartean Leire Goenaga Azpeitiko zinegotziak, agerraldia egin dute gaur Zarautzen, bazterkeria egoeran dauden herritarrentzat gaueko zerbitzua ezartzeko hartutako konpromisoa berresteko. "Pandemiak are ageriago utzi ditu gizartean aurretik genituen arrakalak, eta EH Bilduko hautetsien aburuz, eskualdean bazterkeria egoeran dauden herritarrentzat gaueko zerbitzua berriz ezartzeak ezin du gehiago itxaron", azaldu du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak. 

Urola Erdiko eta Urola Kostako EH Bilduko ordezkariek iragarri dute bazterkeria egoeran egon daitezkeen herritarrentzat gaueko zerbitzua ezartzeko diru partidak bideratuko dituztela 2022rako lantzen ari diren aurrekontuetan. Koalizioa Udal Gobernuan ez dagoen herrietan, gauza bera egitea proposatu dute edo proposatuko dute EH Bilduko zinegotziek. Esaterako, Getariako udal aurrekontuetan 10.000 euro gaueko zerbitzuaren ezarpenera bideratzea adostu dute, eta Zumaian 27.000 euro. Azpeitian, berriz, gaurko udalbatzarrean onartuko dituzte aurrekontuak, eta orduan jakinaraziko du udalak zenbat diru bideratuko duen horretara.

"Hiru urte dira Zarauzko Neguetxea itxi zela. Urteak dira Urola Kostan egindako azterketa teknikoan zerbitzu hori eskualde mailan ematekoa zela zehaztu zela, eta teknikoki Zarautz aukeratu zen zerbitzu hori emateko herri egokien gisa", adierazi du Ostolazak. Hark gaineratu duenez, EH Bilduko ordezkariek hainbatetan mahaigaineratu dute gaia bai Urola Kostako Udal Elkartean (UKUE), bai Zarauzko Udalean, eta esan dute iragarri duten erabakiarekin zerbitzuak "behingoz aurrera egitea" dutela helburu.

Diru partidak aurreikusteaz gain, UKUE eta Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten udalen artean, "eskualdeko gizarte zerbitzuak koordinatu eta dinamizatuko dituen" mahai tekniko-politiko bat bultzatzeko konpromisoa ere agertu du EH Bilduk gaurko prentsaurrekoan.