Sortzaileen Azoka Herrikoia antolatu du Orkatzek abenduaren 12rako

Julene Frantzesena 2021ko abe. 2a, 10:16
Azokaren sustatzaileak eta sortzaileetako batzuk.

Herriko eta eskualdeko hainbat sortzaile, artisau eta ekoizle txikik jarriko dituzte postuak igande horretan, Azoka Plazan. 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:30era izango da azoka zabalik. Azokan parte hartu nahi duten sortzaileek izena emateko aukera dute oraindik.

Sortzaileen Azoka Herrikoia antolatu du Orkatz kultur elkarteak bigarren urtez jarraian. Abenduaren 12an, igandez, izango da egitasmoa Azoka Plazan, goizez nahiz arratsaldez; 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:30era izango da zabalik, zehazki. Azokaren sustatzaileek azaldu dutenez, herritarren eta sortzaileen arteko sareak "josteko" antolatu dute azoka.

Askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira egun horretan Azoka Plazan; izan ere, Azpeitiko nahiz eskualdeko hainbat sortzailek parte hartuko dute azokan. Besteak beste, han izango dira Orkatz (arropak eta abar), Biziki (arropa), Malen Amenabar (irudia), Keizpe Studio (serigrafia eta irudia), Kiribil (zeramika), Magnoli& (likoreak eta mermeladak), Endredamakina (osagarri birziklatuak), Eskuarte (artisautza), Oihele (arropa), Joseba Agirrezabalaga (arte grafikoa), Harrihari (string art eta makramea), Erindi (bitxigintza), Marrak (irudia), Kaori (jantziak eta osagarriak) eta Amlu 3D (bitxigintza eta osagarriak) sortzaileak.

Azokan parte hartu nahi duten sortzaileek oraindik badute izena emateko aukera, orkatzke@gmail.com helbidera mezu bat idatzita.