Atzegizaleen komunitatea handitzeko deia

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 2a, 09:11
Josu Urbieta, AloƱa Agirre, Naroa Uria eta Leire Goenaga, Atzegiren 2021eko kanpainaren kartelarekin. (Mailo Oiarzabal(

Atzo aurkeztu zuten Azpeitian Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpaina. 21 urte bete dituen atzegizalearen figura nabarmendu eta indartu nahi dute aurtengo kanpainarekin, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa duten herritarren eta erakundeen garrantzia azpimarratuz.

Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude. Horixe da Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, aurtengo sentsibilizazio kanpainarako aukeratu duen leloa. Atzegizaleei egiten die erreferentzia leloak, atzegizale izatea zer den hobeto gizarteratzea eta atzegizaleen komunitatea, sarea, handitzea baitira kanpainaren helburu nagusiak.

Udazkenero ohikoa duenez, eskualdez eskualde eta herriz herri ari da aurkezten Atzegi bere kanpaina berria, eta Urola Erdiaren txanda izan zen atzo Azpeitian. Atzegiko Naroa Uria senideak eta Aloña Agirre gizarte langileak eman zituzten kanpainaren xehetasunak, Leire Goenaga udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren babesarekin eta Josu Urbieta atzegizaleak lagunduta.

88 familia, adimen desgaitasuna duten 97 pertsona, 57 kolaboratzaile eta 884 atzegizale. Horiek dira, gaur gaurkoz, Atzegiren zenbakiak Urola Erdiko herrietan. 1960an sortu zenetik, "pixkanaka hazten joan den familia" izan da Atzegi, Uriak aipatu bezala. Baina familia hori "gehiago haztea" da Atzegiren nahia, atzegizaleen komunitatera jendea gehitzea, bereziki, eta horretara dator, besteak beste, sentsibilizazio kanpaina berria. 2000. urtean sortu zuen Atzegik atzegizalearen figura, eta hazi eta hazi egin den komunitate hori gehiago zabaltzea nahi du Atzegik, eta atzegizale diren pertsonen jarrerak adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen "eragina nabarmendu eta ezagutarazi" ere bai. Atzegizale izatea zer den azaltzeko, "uste duguna baino askoz sinpleagoa" dela zioen atzo Uriak: "Adimen desgaitasuna duten pertsonekin jarrera ona izatea da, beren errealitatea zein den ulertzea, laguntza behar dutenean laguntza eskaintzea, kaletik goazenean beste guztiak bezala hartzea... Jarrera edo keinu txiki horiek dira atzegizalea definitzen dute ekintzak. Sentsibilizatuta dagoen pertsona oro izango litzateke atzegizalea".

Atzegizaleak identifikatzeko deia eta tresnak

"Denok behar dugu jende jatorra gure inguruan, eta Atzegiren kasuan, jende jator horri atzegizale esaten diogu", laburbildu zuen Agirrek atzegizale izatearen muina eta atzegizalez inguratuta egoteak adimen desgaitasuna dutenei egiten dien ekarpenaren garrantzia. "Ez gara ari ezer berezia eskatzen. Atzegizale izateak ez du inplikazio handia eskatzen, ez du denbora asko eskatzen. Jarrera kontua da, eta hori da eskatzen ari garena", gehitu zuen Agirrek, kanpainaren xedea azaltzerakoan.

Atzegizalea izatea zer den jakin gabe ere atzegizale diren pertsona asko daudela argi dute Atzegin, eta horiek rol horretaz jabetzea da kanpainarekin bete nahi duten helburu nagusia. Agian zu ere atzegizalea zara da, hain zuzen ere, kanpainaren azpi-leloa. Pertsona horiek atzegi.eus webgunean prestatu duten Atzegizaleen Txokoan sartzera gonbidatu nahi dituzte, kanpainako materiala ezagututa, atzegizaleak al diren ikus dezaten; eta, hala badira, beren buruak atzegizale gisa identifikatzeko.

Josu Urbieta atzegizalea da, eta Azpeitiko eta Urola Erdiko atzegizaleak ordezkatu zituen atzoko aurkezpenean, bere esperientzia kontatuz. Atzegin boluntario izandakoa ere bada Urbieta, baina horretara iritsi aurretik eta bera orduan jabetu ez arren atzegizale figurarekin bat egiten zuela azaldu zuen. "Pertsonalki, tratu eta jarrera onak edukitzeak ondo sentiarazten zaituzte. Baina horrez gain, gizarteari begiratu behar diogu, nolako gizartea nahi dugun. Plurala izatea, inlusiboa izatea, berdintasuna nahi dugu gizartean. Horiek guztiak bete nahi baditugu, garrantzitsuak dira jarrera txikiak. Garrantzitsua da pertsona hauek gizartean barneratuta eta ondo sentitzea, eta denon ardura da hori".

Goenaga batzordeburuak, bere aldetik, udalak Atzegiren kanpainarekin lemarekin zein elkartearen helburuekin bat egiten duela adierazi zuen. "Jarrera onak, positiboak eta errespetuzkoak, inklusiboak, sustatzea ezinbestekoa" dela esan zuen Goenagak. "Azpeitiko Udalaren lema ere Azpeitia denontzako da eta hori ere ez da kasualitatez aukeratutakoa, baizik eta eguneroko ekintzen bidez Azpeitia inklusiboagoa, anitzagoa eta justuagoa egitea delako helburua", gaineratu zuen. Atzegiko kideak eta adimen desgaitasuna duten pertsonen "nahiak eta ametsak posible egiteko" horiek egiten duten lana "eredu" dira, Goenagaren hitzetan, "udalarentzat eta herriarentzat".