Patxi Azpillaga, Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako irabazleen artean

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 1a, 16:19
Patxi Azpillaga. (Julene Frantzesena)

Soziolingustika Klusterrak banatzen dituen sarietako bigarrena irabazi du Nik ikerketa taldeak Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara ikerketa proiektuarekin, eta EHUko ikerlari talde horretako kidea da azpeitiarra.

Soziolingusistika Klusterrak jakinarazi ditu aurtengo Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarien irabazleak, eta saridunen artean dago Patxi Azpillaga azpeitiarra.

Hiru lan saritu dituzte Txillardegi-Hausnartu sariketan, eta bigarren saria jaso duen Nik ikerketa taldearen kideetako bat da Azpillaga. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat ikerlari elkartu dira talde horretan, Estitxu Garairen gidaritzapean, Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara ikerketa proiektua gauzatzeko; eta proiektu horixe da, hain zuzen ere, Txillardegi-Hausnartu sarien aurtengo edizioaren bigarren sariari dagozkion 1.300 euroak irabazi dituena. Euskararen marka-irudia aztertu dute Nik taldekoek saritutako lanean. "Ekarpen interesgarria da markagintzaren ezagutza hizkuntzari aplikatzea. Euskararen inguruko komunikazioan, zenbaitetan ez da behar adina landu hartzaileen sektorekako lanketa eta estrategien diseinua (segmentazioa). Hutsune horri erantzuteko proposamen oinarriduna da lanak jasotzen duena. Aurkezten diren tresnak baliagarriak dira kanpaina bat diseinatu nahi duenarentzat, adibidez", nabarmendu du epaimahaiak Azpillagak eta kideek egindako lanaz.

Izaro Arrutik eta Sandra Prietok irabazi dute lehen saria (2.000 euro), Hezkuntza soziolinguistikoa: Euskal Herrian han eta hemen dauden material eta baliabideen bilketa, azterketa eta sailkapena lanarekin; eta Iñigo Beitiarentzat izan da hirugarren saria (1.000 euro), Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk izeneko azterlanari esker.

Abenduaren 15ean banatuko dituzte Txillardegi-Hausnartu sariak, EHUren Gasteizko Micaela Portilla aretoan.