Etxerako bidea, bat-batean itxita

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 1a, 10:00
Arantxa Eizagirre, bidea ixteko jarri dituzten piboteei begira. (Ihintza Elustondo)

Hainbat loiolatarrek etxera joateko erabiltzen zuten bidea itxi dutela eta "azalpenik ez" diotela eman salatu du Arantxa Eizagirrek. Udalak dio piboteak aberiatu izana dela horren arrazoia. 

Loiolan bizi da Arantxa Eizagirre, errekaren ondoan kokatzen den Bizkiturri baserrian. Lorez inguratuta dago etxea, eder, eguzki printzek argitzen dutela. "Denek esaten didate leku zoragarrian bizi naizela, baina ez dakit ba zer pentsatu", dio. Minduta dago, egun batetik bestera, "inolako azalpenik eman gabe", urteetan etxera joateko eta handik irteteko erabili izan duten bidea itxi diotelako. "Nire familiak urteak daramatza hemen bizitzen, eta sekula ez dugu arazorik izan bide hori erabiltzeko. Eta, orain, bat-batean, burdinezko piboteekin itxi digute". Batean eta bestean azalpenak eskatzen saiatu den arren, "inork kasurik ez" diola egiten adierazi du. "Eskubiderik ez bagenu bezala sentitzen gara".

Kiruri jatetxearen pareko zubitik eta Loiolako Herri Irratia zegoen paretik igarotzen dena da urteetan Eizagirrek eta hainbat loiolatarrek erabili izan duten bidea. Lehendik ere piboteekin itxita zegoen, baina bizilagunek urrutiko aginte bidez jaitsi zitzaketen piboteak, behar zutenean handik igaro ahal izateko. Dena den, Eizagirrek salatu duenez, igo eta jaitsi egiten ziren pibote horiek burdinezko piboteekin ordezkatu zituzten abuztuan, eta ordutik, bizilagunek ezin dute gune horretatik igaro. Bide hori itxita, Kabi Eder aldera ematen duen bidea erabiltzera "behartu" dituztela esan du.

Eizagirrek dioenez, hainbat ate jo du bidea zergatik itxi duten argitu nahian, baina «inork» ez dio azalpenik eman. "Burdinezko piboteak jarri zituztenean, Udaltzaingora deitu genuen, eta esan ziguten pibote mugikorrak aberiatu egin zirela. Udalera deitzeko esan zidaten". Orduan, udaleko teknikari batekin harremanetan jarri zen Eizagirre. "Hark ere beti esan dit aberiatuta daudela piboteak eta Madrilera eraman behar direla konpontzera". Eizagirreren arabera, auzotarrek ez dute sinesten hori hala denik. Gainera, gaiaz galdetzean, beti erantzun bera ematen diotela esan du. "Teknikariari askotan galdetu diot: ‘Nork agindu dizu bide hau ixteko?’. Eta bere erantzuna beti izaten da bera: ‘Ezin dizut esan’".

Beste gertakizun bat ere azaldu nahi izan du Eizagirrek. Kabi Ederko bidea erabiltzeko, urrutiko aginte bidez jaisten dituzte piboteak bizilagunek, eta urrian tresna horrek funtzionatzen ez ziola gelditu zen Eizagirre. "Udaleko teknikariari esan nion urrutiko agintea izorratu zitzaidala eta ezin nuela autoarekin neure etxera sartu. Handik pare bat egunera, teknikaria Loiolan zegoen nire zain, udaltzain buruarekin. Zera esan zidan udaltzain buruak: ‘Hau horrela geldituko da’. Eta nik esan nion: ‘Ez al zeuden ba piboteak aberiatuta?’. Haren erantzuna: ‘Hau oinezkoen bidea da eta horrela geldituko da’. Hori hala dela nork esan zion galdetu nion, eta ez zidan erantzun".

Kiruri aldera irteteko bidea ere burdinezko piboteekin itxi dute. (I. E.)

Arazoaren berri emateko, Eizagirre jarri da hedabide honekin harremanetan, baina haren arabera, gehiago dira bidea itxi izanak eragiten dioten auzotarrak: "Guztira, hamahiru familiari eragiten digu kontuak, Uranga jatetxeari barne". Hark azaldu duenez, auzotar horiek guztiak bat eginda daude egoeraren aurrean. "Guztiok pentsatzen dugu gauza bera: gure etxera joateko bidea itxi digutela".

Bidea itxi izanak egunerokoan «hainbat oztopo» eragiten dizkie bizilagunei, baina horrez gain, Eizagirrerentzat "oso garrantzitsua" da itxi duten bide horren historia zein den azaltzea. "Loiolan irakatsi digute bide hori gorputz bidea dela; hau da, herri bidea, bere babesak dituena. Bide hori ezin da besterik gabe itxi". Orain erabili behar duten Kabi Ederko bidea ez dela beren etxerako bidea salatu du. "Itxi digutena da gure etxerako bidea ofizialki, eta ezin da itxi. Pibote mugikorrekin muga dezakete, baina guk urrutiko aginte bidez irekitzeko moduan utzi".

Abuztuan piboteak jarri zituztenetik "ezer aldatzen ez zela ikusita", udalari bilera bat eskatzea erabaki zuten auzotarrek. Urriaren 14an aurkeztu zuten bilera eskaera udalean, eta oraindik ez dutela bilera horretarako deirik jaso esan du. "Gaur arte inork ez digu deitu". Horregatik erabaki dute komunikabideetara jotzea. "Ni saiatu naiz gauzak beste modu batera egiten, baina ez didate kasurik egin". Amorrua nabari zaio ahotsean: "Ezer esan gabe, auzo bat itxi digute, eta aurpegira ezer ez esan? Ez da serioa. Eta arazo bat da hau: hemen zerbait gertatzen baldin bada, suhiltzaileek eta anbulantziek ezin dute bide hori erabili".

Ohiko bidea itxita, Kabi Ederko bidea erabili behar dute egun. (I. E.)

Piboteak aste honetan

Loiolan gertatzen denaz galdetuta, udalak adierazi du erakunde horretako teknikariek "behin baino gehiagotan" hitz egin dutela Eizagirrerekin gaiaz eta azalpenak eman dizkiotela. Era berean, itxitako bidearen gaineko zehaztapenak eman ditu udalak. Haren arabera, bi arrazoi daude bide hori piboteekin ixteko: "Batetik, arrisku handiko eremu gisa katalogatuta dago, islamismoa tarteko, eta bestetik, oinezkoentzako gunea da. Horregatik dago piboteekin itxita, baina horiek jaisteko aukera izan behar dute bizilagunek eta zerbaitengatik eremu horretara sartu beharra dutenek". Horiek urrutiko aginte bidez izan dute harako sarbidea abuztura arte.

Dena den, ordutik hori ez da horrela, udalaren arabera, arrazoi bategatik: "Lehenik Herri Irratia zegoen pareko pibotea izorratu zen, eta gero, Kiruriko irteerakoa. Konpresoreak izorratu ziren, eta Madrilera bidali behar izan ditugu konpontzera". Udalak onartu du konponketa "asko atzeratu" dela, "hornigaien kontua tarteko". Hala ere, erakundeak azaldu du aste honetan iritsiko direla konpondutako piboteak, eta beraz, berehala konponduko dela arazoa. Erakundeak nabarmendu nahi izan du, ohiko bidea itxi izanagatik, auzotarrek "une oro" bideratuta izan dutela etxerako sarbidea.

Bilera eskatzeko agiria aurkeztu dute bizilagunek udalean. (I. E.)