Urolak ez du gainezka egin, baina ura pilatu da han eta hemen

Julene Frantzesena 2021ko aza. 29a, 09:25
Soreasu auzoan mendi ura pilatu zen eremua.

Arketa batek gainezka egin zuen atzo arratsaldean Garmendipe futbol zelaiaren inguruan, eta Soreasu auzoan, berriz, mendi ura pilatu da. Urola ibaia indartsu dago, baina ez Azpeitian ez du gainezka egin.

Azken egunetako euriteen ondorioz, ibaiek gainezka egin dute Euskal Herriko hainbat txokotan. Urola ibaia indartsu dago, baina ez Azpeitian ez du gainezka egin –Oikian bai–. Dena den, hainbat lekutan pilatu da ura azken orduetan; arketa batek gainezka egin zuen atzo arratsaldean Garmendipe futbol zelaiaren inguruan, eta Soreasu auzoan, berriz, mendi ura pilatu da.

Soreasu eta Madalena auzoetan hainbat neurri hartua zituen udalak; izan ere, eremu horretan ibaia ateratzeko arriskua handia izaten da. Besteak beste, autoak Madalenako eremu jakin batean ez aparkatzeko abisua jarri zuen erakundeak.

Uholde arriskuagatik alerta laranja ezarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, eta oraindik alerta indarrean badago ere, egoera arriskutsuena pasatu dela iragarri du erakundeak.

Erlazionatuak