Julen Lopetegi fitxatu du Alusigma Peñota Dental triatloi taldeak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 29a, 08:42
Julen Lopetegi Bilboko triatloian.

Talde horrekin maila handiko probetan aritzeko aukera izango du, maila handiko kirolarien aurka. Azpeitiarra aro berriari ekiteko "gogoz" dago, esperientzia berria bizitzeko grinez.

Julen Lopetegik (Azpeitia, 1996) beste urrats bat egingo du triatloiaren munduan: Azkoitiko Azkoitri taldea utzi du, eta Bizkaiko Alusigma Peñota Dental triatloi taldean ariko da aurrerantzean. Talde horrekin maila handiko probetan aritzeko aukera izango du, maila handiko kirolarien aurka.

Joan zen denboraldian lorpen garrantzitsuak egin zituen kirolariak, eta ordainetan, triatloiaren munduko talde garrantzitsuenetako batean aritzeko abagunea sortu zaio. Azpeitiarra aro berriari ekiteko "gogoz" dago, esperientzia berria bizitzeko grinez. "Orain arte bezalaxe entrenatzen jarraituko dut, baina motibazio bat gehiago izango dut".

Lopetegik Uztarria.eus-i azaldu dionez, taldera batzeko proposamena egin ziotenean, ez zuen baiezkoa esateko dudarik ere egin. "Maila handiko taldea da, lehenagotik ere ezagutzen nuena, eta oso gustura nago".

Distantzia erdiko triatloietan aritzen da azpeitiarra, eta hain zuzen ere, talde berrian ere halako probetan ariko da. "Oraingoz distantzia erdikoetan aritzen naiz, eta Espainiako Txapelketan eta Espainiako Kopan puntuak eskuratzea izango da gure taldearen helburu nagusia".