Jon Arregik eta Igor Arriaranek irabazi dute Azpeitiko Rallysprintaren XXI. edizioa

Julene Frantzesena 2021ko aza. 27a, 18:45

Bigarren izan dira Iokin Agirre eta Asier Aldalur, eta hirugarren egin dute Mattin Villaresek eta Jon Zozayak. Urrakiko errepidea zurituta izan da hainbat unetan, eta lasterketako bi manga baino ezin izan dituzte egin parte-hartzaileek.

Ohiko ibilbidea berreskuratuta, gaur, zapatua, egin dute Azpeitiko Rallysprintaren XXI. edizioa, eta Lagun Artea eskuderiako Jon Arregi eta Igor Arriaran (Peugeot 208) azpeitiarrek irabazi dute proba. Bigarren, berriz, Lagun Arteako Iokin Agirre eta Asier Aldalur izan dira (BMW M3), eta hirugarren egin dute Mattin Villaresek eta Jon Zozayak (Clio maxi). 28 gidari zeuden gaurko izena emanda, baina 22k parte hartu dute.

Lehen mailan Unai Jurado eta Oier Mendizabal (Citroen AX) izan dira azkarrenak; bigarren mailan, Xabier Bordonaba eta Unai Alvarez (Renault 206); hirugarrenean, Ugaitz eta Iraitz Olariaga (Honda Civic Type R); laugarrenean, Jon Arregi eta Igon Arriaran rallysprintaren garaileak; bosgarrenean, Iokin Agirre eta Asier Aldalur; eta seigarrenean, Ronald Holke eta Erik Fuente (Citroen DS3).

Eguraldiak ez du lagundu gaurkoan; izan ere, goizetik euria, txingorra eta elurra egin du bazterretan. Urrakiko errepidea zurituta izan da hainbat unetan, horrenbestez, eta lasterketako bi manga baino ezin izan dituzte egin parte-hartzaileek. Gainera, elurra kentzeko makina ere baliatu behar izan dute errepidea garbitzeko.

Goizean egiaztapenak egin dituzten toki berean, epaitegiaren aurreko plazan, egin dute rallysprinteko sari banaketa ekitaldia ere. 18:00etan hasita banatu dituzte sariak Lagun Artea eskuderiako kideek.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Erlazionatuak