Jose Mari Markinez: "Behar duen jende asko dago, eta garrantzitsua da odola ematea"

Julene Frantzesena 2021ko aza. 27a, 15:49
Jose Mari Markinez atzo, Sanagustin kulturgunean.

Ehun odol ateraldi. Ez da marka makala Jose Mari Markinezek lortu duena. Urteak daramatza lau hilabetean behin odola ematen, eta adin mugara iritsi bitartean, horretan jarraitzeko asmoa du. Herritarrei odola ematera animatzeko deia egin die hark.

Ehun alditan eman duzu odola. Zenbat urte pasatu dituzu horretan?

18 urterekin hasi nintzen odola ematen. Hasieran, urtean behin ematen nuen, eta gero bitan eta hirutan, eta azken hamar urteetan hiru hilean behin ematen ari naiz.

Zer esan nahi du zuretzat halako aitortza jasotzeak?

Zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da odola ematea. Behar duen jende asko dago, eta ematea eta jasotzea, biak dira beharrezkoak eta garrantzitsuak.

Odol ateraldi kopuruak behera egin du azken urteetan. Zer esango zenioke herritarrei?

Hasi naiz ingurukoak kontzientziatzen. Alaba eta semea, adibidez, animatu dira odola ematera jada; ea jarraitzen duten, hori da-eta garrantzitsua.

Pandemiak eragina izan du beherakadan...

Bai, baina herritarrei odola ateratzera beldurrik gabe joateko esan nahi nieke; izan ere, berme guztiekin egiten dute lan elkarteko kideek, eta arazorik ez da izan batere. Odola ematen segitzera animatu nahi nituzke herritarrak.

Zuk jarraitu egingo al duzu?

Bai. 70 urtera arte egoten da odola emateko aukera, eta horretan segitzeko asmoa daukat, aparteko ezer gertatzen ez den bitartean behintzat.