Egindako ahalegina aitortu diote herriko 30 odol emaileri

Julene Frantzesena 2021ko aza. 27a, 15:43

Azpeitiko Odol Emaileen elkarteak odola aldi kopuru jakin batzuetan eman duten 30 herritar omendu ditu gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Pandemia tarteko, odol-emate kopuruak nabarmen jaitsi direla azpimarratu dute, eta herritarrei horretara animatzeko deia egin diete.

"Jaitsiera ikaragarria". Hitzok erabili ditu Iñaki Alberdi Azpeitiko Odol Emaileen elkarteko kideak gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean egin duten omenaldi-ekitaldian. Zehazki, iaz, pandemia tarteko, odol ateraldiek izan zuten beherakadan jarri du arreta hark. Izan ere, 2019an 1.078 odol ateraldi izan ziren Azpeitian, eta 2020an, nabarmen egin zuen behera kopuru horrek: 748 ateraldi egin zituzten herritarrek.

Alberdik azaldu duenez, pandemiak eragindako beldurrak eta egoera tarteko jarri duten hitzordu bidezko sistema dira beherakadaren eragileetako bi. "Badakigu herritarrek beste egoera batean ez ziotela odola ateratzeari uko egingo", esan du. Hala eta guztiz, iazko odol ateraldi kopurua "oso txikia" dela adierazi du, eta herritarrei horretara animatzeko deia egin die, batez ere gazteei.

Gaurko ekitaldiaren funtsa, baina, odol ateraldi jakin batzuk egin dituzten herritarrei aitortza egitea izan da, eta bete dute helburua. 30 lagunek jaso dituzte gaur oroigarriak eta diplomak –25 ateraldi egin dituzten hamaseik, 40 ateraldi egin dituzten hiruk, 50 ateraldi egin dituzten bostek, 60 ateraldi egin dituen batek, 75 ateraldi egin dituzten hiruk eta ehun ateraldi egin dituen batek–, odola ematean egindako "lan garrantzitsuagatik". Haietako batzuk izan dira kulturgunean, eta agertokian jaso dituzte opariak.

Honako hauek dira 25 odol ateraldi gauzatu dituzten herritarrak: Alaitz Aguado, Jose Luis Aizpuru, Ander Alkorta, Miren Gurutze Arozena, Mar Bravo, Iñigo Etxaniz, Ignacio Etxeberria, Juan Luis Elorza, Andoni Etxeberria, Ioseba Garate, Ramon Gerrikagoitia, Maria Milagros Goikoetxea, Eneko Ibarguren, Carlos Iriarte, Aitor Mendoza eta Pedro Morales.

Odola 40 aldiz eman dute, aldiz, Elixabet Bergarak, Maria Pilar Zinkunegik eta Arantza Osak. 50 ateraldi egin dituzten herritarrak honako hauek dira: Antonio Altuna, Iñaki Arriaga, Iñaki Otaño, Iñaki Umerez eta Ander Uranga. Arantxa Arregik, berriz, 60 ateraldi egin izanagatik jaso ditu oroigarriak, eta odola 75etan emateagatik Iñaki Alberdik, Jose Ramon Bereziartuak eta Pedro Mari Goenagak. Gainera, ehun odol ateraldi gauzatu dituen herritar batek ere jaso du aitortza: Jose Mari Markinezek, hain zuzen ere. Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarria.eus-ek Markinezi gaur egindako elkarrizketa.