Azpeitian bukatu ditu Urola Bizirikek II. Natur Jardunaldiak

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 26a, 10:31
Atzoko aurkezpenaren une bat. (Urola Bizirik)

Lurgaia fundazioak eta Baso Biziak plataformak egiten duten lana ezagutzeko parada izan zuten atzo Azoka Plazako aretoan elkartutakoek.

Urola Bizirik natur taldeak antolatutako II. Natur Jardunaldiek atzo izan zuten azken hitzordua. Aurreko ekintzak Azkoitian egin ondoren, azken egunekoa Azpeitian egin zuten. Azoka Plazako goiko aretoan, Lurgaia fundazioaren eta Baso Biziak plataformaren kideek hartu zuten hitza, bakoitzak beren egitasmoen berri emateko.

Biodibertsitatearen kontserbazioa eta natur ondarearen kudeaketa sustatzen ditu Lurgaiak; besteak beste, basoak berreskuratzeko proiektuak jartzen ditu abian, bertako espezien hedapena bultzatuz. Baso Bizia plataformak, berriz, hainbat talde ekologista eta bioaniztasunaren aldeko ekintzaileak elkartzen ditu. Aurten eratu dute plataforma, euskal erakundeen baso politiketan aldaketak sustatzeko eta eredu jasangarri bat bultzatzeko.