Edalontzi bera, behin eta berriro

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 27a, 09:00

Behin erabiltzeko kartoizko edalontziak baztertzeko, edalontzi berrerabilgarriak sortu ditu Ander Alvarezek. Gipuzkoako 125 ostalarik bat egin dute zerbitzu horrekin. Horietako bat da Azpeitiko Txintxu kafetegia, eta Iñigo Odriozola arduradunak beren esperientzia azaldu du. Gipuzkoako Hitzan argitaratutako erreportajea da hau. 

"Arazo handi bat". Horixe dira hondakinak eta gizakiak alboratutako objektuak, Ander Alvarez elgoibartarrak gogorarazi duenez. Errealitate horri aurre egiteko, askotariko ekintzak eta egitasmoak sustatzen dituzte hainbat eragilek, eta, bide horretan beste urrats bat egiteko, Irri Sarri proiektua sortu du Alvarezek. "Nire helburua ez da haien lana ordezkatzea, osatzea baizik", esan du. Ingurumena zaintzeko bide horretan, behin erabiltzeko edalontziak baztertzea du helburu haren proiektuak. Horretarako, edalontzi berrerabilgarri bat sortu eta kontsumo sistema bat diseinatu du.

Funtsean, festetako txosnetan ohikoa den sistemaren antzeko zerbait proposatu du Alvarezek. "Erabiltzaileak bi euro ordainduko du edalontzi berrerabilgarriaren truke. Hark nahi adina aldiz erabil dezake edalontzia, eta, itzultzean, hasieran jarritako bi euroak itzuliko dizkiote". Tabernetan edo kafetegietan edaria eramateko eskatzen denerako da baliagarria zerbitzua. "Kartoizko edalontziak ordezkatu nahi ditugu".

Plastikozko poltsekin gertatu zen antzera, aurki ordaindu egin beharko da erabilera bakarreko edalontzien truke. "Europako Batasunak eta Espainiako Estatuak sustatuta, legedi berria ezarriko dute laster. Urtebete barru, jendeari kobratu egingo diote kartoizko edalontzia". Hori gertatzen denerako alternatiba bat prest izatea da Alvarezen nahia. Haren arabera, gainera, garrantzitsua da kartoizko edalontzien errealitateaz jabetzea: "Oso zaila da kartoizko edalontziak birziklatzea. Erraustegian edo lurperatuta bukatzen dute zakarrontzira heltzen diren edalontzi gehienek".

Alvarezek duela urtebete jarri zuen martxan proiektua, eta, berez, proposamena Euskal Herri osora zabaltzea da haren asmoa. Dena den, oraingoz, Gipuzkoan hedatu da gehien. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, kanpaina bat sustatzen ari da duela hilabete ingurutik. "Diputazioarekin elkarlanean hasi aurretik, Gipuzkoan 50 bat tabernak egin zuten bat egitasmoarekin, eta orain 125 dira jada". Kanpaina horren helburua da ostalariek zerbitzua ezagutzea eta probatzeko aukera edukitzea. "Zerbitzua ahalik eta herritar gehienek ezagutu dezaten nahi dugu".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.