Azketa ahots taldeak eta Karnaba otxoteak kontzertua eskainiko dute igandean Sanagustinen

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 26a, 08:40
Azketa ahots taldeak 2019an Sanagustinen eskainitako kontzertuko irudia.

Azpeitiko eta Errenteriako taldeek girotuko du Sanagustin kulturgunea igande eguerdian. Kontzertua 12:00etan hasiko da, eta hainbat doinu entzun ahal izango dituzte hara joaten diren herritarrek. 

Azpeitiko Azketa ahots taldeak eta Errenteriako Karnaba otxoteak kontzertua eskainiko dute igandean, azaroaren 28an, Sanagustin kulturgunean. Zuzenekoa 12:00etan hasiko da, eta kulturgunera bertaratzen direnek gizon ahotsez osatutako doinuz gozatu ahal izango dute emanaldian zehar. Ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango. 

Azpeitian 2013an sortutako taldea da Azketa, eta 2019ko maiatzean aurkeztu zuten lehen diskoa, euskal abestiz osatutako lana. Dagoeneko hainbat emanaldi eskaini dituzte Azpeitian nahiz herritik kanpo, hala nola Arantzazun, Idiazabalen eta Legazpin.

Karnaba otxotea, aldiz, Errenteriatik iritsiko da herrira. 2009an sortu zen taldea, eta 60. hamarkadan Errenterian ezagun zen Karnaba izeneko otxotearen titulua jarri zioten taldeari, haien omenez. Orkestrarekin edo a capella abesten dute, eta esperientzia handiko taldea da.