Azaroaren 25a

Indarkeria matxistarik gabeko bizitzen aldeko aldarria, plazara

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 25a, 20:45

Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsaldean Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelopean. Indarkeria matxista borrokatzeko eta autodefentsa feminista antolatzeko deia egin du mugimendu feministak. 

Arratsaldean plazan egin duten elkarretaratzeak itxi ditu Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunerako antolatutako ekintzak. Euskal Herriko mugimendu feministak deituta egin dute kontzentrazioa 19:00etan plazan, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelopean, eta hainbat herritarrek egin dute bat aldarriarekin. 

Mugimendu feminista, "minduta, nazkatuta eta amorruak ematen duen indarrarekin" iritsi da azaroaren 25era, eta indarkeria matxista borrokatzeko eta autodefentsa feminista antolatzeko deia egiteko probestu du gaurko eguna. "Aurten, ofizialki, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta etxeetan zein kalean pairatu dugun indarkeria izugarria izan da azken urtean. Ehunka eta ehunka dira, gainera, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak, gorroto diskurtsoak eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik gauzatzen diren bazterketak. Noiz arte? Jendarte eredu hau jasangaitza da emakumeontzat eta genero disidenteontzat. Politika feministak prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea behar dugu", adierazi dute mugimenduko kideek.

"Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea exijitu" dute, indarkeria matxistarik gabe bizitzea "eskubide bat" dela argudiatuta. "Erakunde konprometituak behar ditugu, eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzionalak, elkarretaratzeak eta argazkiak". Nabarmendu dute ez dutela "benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik" onartuko, "ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere". "Promesa faltsuez nazkatuta" daudela erantsi dute, eta autodefentsa antolatzearen beharra berretsi dute. 

Askotariko aldarri eta ekintzak

Azaroaren 25a elkarretaratzearekin amaitu den arren, egun horren bueltan askotariko ekintzak egin dituzte herriko ikastetxeek eta zenbait eragilek. Gaur goizean, aulki hutsak jarri ditu Ernaik Azpeitiko plazan, eraildako emakumeen omenez. Ikasle Abertzaleakek deituta, aldiz, Zergatik jasaten dugu emakumeok indarkeria matxista? solasaldia eta elkarretaratzea egin dituzte dozenaka ikaslek. Bitartean, herriko ikastetxeetan ere askotariko ekintzak egin dituzte indarkeria matxistaren kontra. Urola Erdiko Itaiak, bere aldetik, aurten ez du kontzentraziorik deitu herrian, eta azken astean mural margoketa, musika jaialdia eta solasaldiak egin ditu eskualdeko herrietan, Indarkeria matxista orori aurre egin lelo hartuta. Gaur Donostian deitutako mobilizazioarekin egin du bat. Azpeititik 60 lagun inguru joan dira autobusean.

Bihar, azaroak 26, jarraituko dute aldarri beraren bueltako ekintzek. Hain zuzen, Emakumeen Mahaiak antolatuta, mural margoketa egingo dute Sanjuandegiko pasabidean, 16:00etan hasita.