Azaroaren 25a

Aulki hutsak jarri ditu Ernaik plazan, indarkeria matxistaz hildako bost emakumeen oroimenez

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 25a, 13:48

Ernaik bost aulki jarri ditu gaur goizean herriko plazan, urtea hasi zenetik Euskal Herrian indarkeria matxistaz hil dituzten bost emakumeen oroimenez. Euskal Herriko mugimendu feministak arratsalderako Azpeitian deitu duen elkarretaratzearekin bat egin, eta bertaratzeko deia egin du.  

Azpeitiko Ernaik ekintza sinboliko batekin salatu du indarkeria matxista Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean. Hain zuzen, bost aulki huts jarri dituzte gaur goizean herriko plazan, urtea hasi zenetik Euskal Herrian erail dituzten bost emakumeen oroimenez. Ernaik adierazi du Azaroaren 25a "menpean hartu eta zapaltzen gaituen gizarte kapitalista, arrazista, transfobo eta heteropatriarkala salatzeko eguna" dela: "Zapalkuntza guzti hauek, modu sistematikoan zein zeharkakoan ematen dira eta gaur, norberak bere buruari eta osatzen dugun gizarteari begiratzeko ordua dugu".
 
Urtea hasi zenetik erail dituzten bost emakumeen izenak gogora ekarri, eta eraildako emakumeen zifrak "zenbaki hutsak" ez direla azpimarratu dute: "Ez dira zenbaki hutsak, urtero hainbat emakume erailtzen dituzte. Maria Pilar Berrio Jimenez, koinatu ohiak eraila, 75 urteko emakume bat, Conchi Gonzalez eta Erika Tavares, beraien bikotekideak erailak eta Aintzane Pujana, bikote batek eraila. Izan zirenengatik, direnengatik eta izango direnengatik, hiltzen gaituen sistema hau eraisteko garaia da".

Era berean, erasoekin eta hilketa matxistekin "nazkatuta" daudela adierazi dute, eta esan dute indarkeria "estrukturala" dela: "Erasoak ez dira modu isolatuan ematen, sistema heteropatriarkal kapitalistaren ondorio dira. Indarkeria estrukturala da eta erasotzaileak sistema honen ondorio". Bide batez, gogora ekarri dituzte Ernairen arabera azaleratzen ari diren krisiak: "Sistema heteropatriarkal kapitalaren kolapsoa bizitzen ari gara. Krisi ekonomikoa, zaintza krisia, migrazio krisia, krisi ekologikoa... Euren sistemaren kolapsoa geure bizkar utzi nahi dute, gure bizitzak kolapsatuz. Bizitza bizigarriak nahi eta behar ditugu, eta guztion bizitzak kontutan hartzea. Guztion bizitzak sostengarri egitearen inguruan hitz egiten ari gara; eta horretarako alternatiba bakarra burujabetza feminista da".

Ernaik bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren irakurketarekin, eta gaur arratsalderako Azpeitian deitutako kontzentraziorako deia egin du.