30 boluntario omenduko ditu Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak bihar

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 26a, 09:00
Odol emaileen azken omenaldiko irudia.

Odol Emaileen Elkarteak urteroko omenaldia egingo du bihar, larunbata, Sanagustin kulturgunean, 12:00etan hasita. Boluntarioei egiten duten ahalegina eskertuko diete, dominak eta oroigarriak banatuz.

Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteak urteroko ekitaldia egingo du bihar, Sanagustin kulturgunean. Ohi bezala, odol emaileei egiten duten ahalegina eskertuko diete, dominak eta oroigarriak banatuz. Aurtengoan, guztira, 30 lagun omenduko dituzte. Horietako bat errezildarra da, eta gainontzeko guztiak herritarrak. 12:00etan hasiko da ekitaldia.

Omenduko dituzten 30 emaile horietatik hamaseik 25 aldiz eman dute odola; hiru emakumeak dira, eta hamahiru gizonak. Horrez gain, odola 40 aldiz eman duten hiru lagun omenduko dituzte; horiek guztiak emakumeak dira. Era berean, 50 aldiz eman duten beste bost gizonek parte hartuko dute ekitaldian. 60 aldiz odola eman duen emakume bat ere izango da Sanagustinen. Gainera, 75 aldiz eman duten hiru gizon ere omenduko ditu Odol Emaileen Elkarteak, eta ehun aldiz eman duen beste herritar bat ere bai: Jose Maria Markinez, hain zuzen ere.

Biharko ekitaldian, Azpeitiko Odol Emaileen Elkarteko kideek hitzartzea egingo dute lehenik, eta ondoren, dominak banatuko dituzte. Amaitzeko, mokadua izango da Sanagustinen bertan.