Hiru egunetan 95 positibo zenbatu dituzte herrian

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 25a, 12:48
Azpeitiko plaza.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1.636 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko Azpeitiko intzidentzia tasa. Azken zazpi egunetan, 165 positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian. Koronabirusa atzemateko probak egiten dituzten etxolaren atarian ilara luzeak ari dira izaten egunotan, eta ikastetxeetan ere eragiten ari da positiboen gorakada.

COVID-19aren pandemiaren egoera erabat irauli da egun gutxitan, eta Azpeitiko egoera da horren erakusleetako bat. Izan ere, aste pare baten buruan, herria eremu gorrian sartu eta intzidentzia tasa ikaragarri igo da. Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1.636 da hamalau eguneko 100.000 biztanleko Azpeitiko intzidentzia tasa –astelehenean baino altuagoa: 1.228,65 zen orduan. Pandemia hasi zenetik izan duen tasarik handienera iristear da, beraz. Justu duela urtebete jo zuen goia, 1.700eko tasa gaindituta.

Gorakada hori positibo kopuruen igoerak eragin du; izan ere, astelehenetik atzora bitartean, 95 lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan –astelehenean 21, asteartean 30 eta atzo 44–. Azken astebeteko positiboen zenbatekoa ere oso altua da: zehazki, azken zazpi egunetan, 165 positibo atzeman ditu Osakidetzak herrian. Egunotan ilara luzeak ari dira izaten anbulatorioaren aurrean PCR eta antigeno probak egiteko jarrita duten etxolaren atarian, eta positiboen gorakada eragin nabarmena izaten ari da herriko ikastetxeetan.

249 positibo Urola Kostan

Eskualdean ere gora egin du positiboen kopuruak. Astelehenaz geroztik, 249 positibo zenbatu dituzte Urola Kostako herrietan, eta uneotan eskualdeko 11 herriak daude eremu gorrian. Azpeitiko egoera da okerrena, baina Zarautzekoa ez da askoz hobea. Intzidentzia tasa Azpeitikoa baino baxuagoa dute, 762,41ekoa hain zuzen, baina azken hiru egunotan 63 positibo baieztatu dituzte han. Kasu berriei dagokienez, Azkoitian eta Zumaian ere erruz ugaritu dira. Astelehenetik, 27 izan dituzte Azkoitian, eta 21 Zumaian. Herri horiek 550,78eko eta 447,75eko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. 

Orion hamabi positibo hauteman dituzte hiru egunotan, eta 570,78koa da tasa; Zestoan 11 kasu izan dituzte, eta 462,25ekoa da tasa; Getarian, bederatzi kasurekin, 1024,73koa da tasa; Aian bost positibo zenbatu dituzte eta 1712,82koa da tasa; Aizarnazabalen, lau kasurekin, 1.170,35ekoa da tasa; Errezilen bi kasu izan dituzte eta 966,18; eta Beizaman, kasu berririk atzeman ez duten arren, 806,45ekoa da tasa.

ZIUetan 36 lagun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 2.618 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan. Horrek esan nahi du ikaragarri ari dela hazten positibo berrien kopurua, joan den osteguneko txostenean 1.652 baitziren azken hiru egunetako positiboak. Soilik atzo 950 kasu atzeman zituzten. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan egoera ere okerrera doa pixkanaka-pixkanaka. Duela astebete 30 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), eta 36 dira gaur. Eta beste horrenbeste gertatzen ari da ospitaleratuta dauden herritarren kopuruarekin. Duela astebete 114 lagun ziren, eta 179 dira gaur.

150etik gorako intzidentzia tasa duten udalerriek urriaren 6ko dekretuak zehazten dituen segurtasun eta babes neurriak zorrotz bete beharko dituztela iragarri zuen asteartean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horiek betetzen direla bermatu ezin den kasuetan, programatutako ekitaldiak bertan behera utzi beharko dituzte. Jaurlaritzak tokian tokiko udalengan utzia du egoera balioesteko eta erabakitzeko ardura.