Bioaniztasunaren alde lan egiten duten bi talderen aurkezpenekin bukatuko dira gaur II. Natur Jardunaldiak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 25a, 07:17
Eukalipto baso baten irudia.

Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azoka Plazaren gaineko aretoan, 19:00etan hasita. Aurkezpen horiekin bukatuko dira Urola Bizirik taldeak antolatutako jardunaldiak.

Azken txanpan dira Urola Bizirik taldeak antolatutako II. Natur Jardunaldiak. Askotariko ekintzak egin zituzte azken egunetan Azkoitian, eta gaur Azpeitian izango da azken hitzordua. Hain zuzen, Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azoka Plazaren gaineko aretoan, 19:00etan hasita.

Lurgaia fundazioa irabazi asmorik gabeko entitate pribatua da, eta bioaniztasunaren zaintzaren eta ondare naturalaren kudeaketaren alde egiten du lan, hala nola espezieen, bizilekuen, prozesu ekologikoen nahiz paisaien inguruan. Baso Bizia plataforma, berriz, hainbat talde ekologistak eta bioaniztasunaren aldeko beste hainbatek sortu zuten joan zen ekainean, euskal erakundeen baso politiketan aldaketak sustatzeko eta eredu jasangarri bat bultzatzeko.