I. Euskal Duatloia egingo dute Errege egunez herriko zezen plazan

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 24a, 10:36
Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute I. Euskal Duatloia.

Euskal pentatloia antolatzen duen lantalde berak iragarri du txapelketa berria. Aizkora eta korrika uztartuko dituzte lehian. Momentuz ez dute izenik jakinarazi, baina bederatzi kirolari ariko direla aurreratu dute.

Datorren urtarrilaren 6an, Errege egunez, I. Euskal Duatloia egingo dute Azpeitiko zezen plazan. Euskal pentatloia antolatzen duen lantaldeak sare sozialetan iragarri zuen atzo herri kirolen hitzordu berria. Eguna jakinarazi dute, baina ordurik ez du momentuz hitzorduak. Txapelketan parte hartuko duten kirolarien izenik ere ez dute eman lehen iragarpenarekin, baina aurreratu dute bederatzi kirolari ariko direla lehian, "momentuko espezialistarik onenetarikoak".

Aizkora eta korrika uztartuko dituzte I. Euskal Duatloian: 45 ontzako etzandako lau enbor moztu, lau kilometro korrika egin, eta 45 ontzako zutikako lau enbor ebaki, horiek dira duatloiko parte hartzaileek osatu beharko dituzten lanak.