Taldea berpizteko izpien bila

Ihintza Elustondo eta Anartz Izagirre 2021ko aza. 24a, 09:44

Carmen Olano eta Eli Agiriano Txolarte programako kideak dira. Boluntarioa da Olano, eta erabiltzailea Agiriano. Boluntario gehiagoren bila dabiltza orain, taldearen "lehengo dinamika" berreskuratzeko.

Txolarte programa Atzegiren barruan sortu zen 1971. urtean, eta ordutik, hainbat izan dira programa horretan adimen desgaitasuna duten herritarrei eskainitako espazioak. Egitasmoa 1986. urtean iritsi zen Azpeitira; erabiltzaile helduen taldea sortu zen aurrena, eta gazteena, 2014-2015 urteen inguruan heldu zen. Azpeitiko nerabeen artean aisialdian hutsune bat nabaritu zuten hainbat pertsonak; hori dela eta, herriko zenbait gaztek programarekin bat egitea erabaki zuten, modu horretan hutsuneari irtenbidea emateko. Orain, boluntario beharrean dabiltza.

Carmen Olano (Azpeitia, 1997) da zeregin horretan aritzen den gazteetako bat, eta Eli Agiriano (Azpeitia, 1997) erabiltzailea. Olanok urteak daramatza bertan, eta Txolartek aurreiritziei aurre egiten lagundu diola azaldu du: "Eli ezagutzeak aukera eman dit aurreiritziei aurrei egiteko, eta horretarako bidea, bera ezagutzea eta entzutea izan da. Oztopo sozial eta arkitektoniko asko daude gizartean, eta horiek azalean sentitzera iritsi naizela esango nuke".

Ekintzak antolatzeko herriko agenda kontsultatzen dute, eta horren arabera, proposamenak egiten dituzte. Agirianori pintxo-potea gustatzen zaio, besteak beste: "Donostiara joatea, pintxo-potea egitea, afariak... halakoak asko gustatzen zaizkit. Baita karnabaletan kaldereroetan ateratzea ere, joan diren urteetan egin dugun moduan". Ikasturte honetan ere antzeko ekintzak egitea gustatuko litzaioke.

Bestalde, Olanok adierazi duenez, "momentu desberdinak" izan ditu beren boluntario taldeak: "Batzuk hasieratik bukaerara jarraitzen dugu taldean, eta beste boluntario batzuk noizbehinkakoak dira, baina horiek ere beharrezkoak dira taldeari argia emateko. Gainera, ikusi dugu taldean jende berria behar dugula, aurreiritziei aurre egiteko eta gure taldeak duen izaera mantentzen jarraitzeko". Olanok eta Agirianok diotenez, "sekulako barreak" egiten dituzte Txolarteko ekintzak egiten dituztenean, eta "kuadrilla" bat direla nabarmendu du Agirianok: "Erabiltzaileok eta boluntarioek lagun talde bat osatzen dugu. Guztiekin moldatzen naiz ondo, baina bereziki nire adinekoekin".

Boluntario gazteen bila

Ikasturte honetako boluntario taldea osatzeko, "bereziki gazteak" animatuko lituzkeela azaldu du Olanok: "Gazteak erakarri nahi ditugu, iruditzen zaidalako beren burua ezagutzeko aukera bat dela honakoa, baita gizartearen parte bat barrutik ezagutzeko ere. Animatuko nituzke batez ere modu sinple batean oso ondo pasatzen dugulako. Gainera, esango nuke norberaren heziketa pertsonalean eta helduaroan ere asko laguntzen duela boluntariotza lan honek". Ildo horretatik, Olanok dio gauza asko ikasi dituela: "Alde batetik, ikusi dut urritasuna duen pertsona batek pertsonalitatea izan dezakeela gure moduan. Gaur egun oso modan dago aniztasun kontzeptua, baina aniztasun hori ez da erreala. Eta, bestetik,  lagunartea zer den jakiten erakutsi dit, gauza sinpleen bitartez".

COVID-19aren izurriak eraginda, Txolarte taldearen dinamika "pixka bat itzaldu" egin dela nabarmendu dute bi azpeitiarrek, eta orain "lehengo indarra berreskuratzea" dela taldearen helburua, pixkanaka-pixkanaka, bakoitzak bere alea jarriz, kuadrillak lehen bezala argi egiten jarrai dezan.