Korta sarietako bat emanez aitortza egin diote Inaxio Uria zenari

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 23a, 19:23
Maria Uriak jaso du haren aita zenaren omenezko saria IƱigo Urkulluren eta Arantxa Tapiaren eskutik. (Eusko Jaurlaritza)

Urte luzez euskal enpresen munduan egindako lanaren aitortza gisa eman diote Korta sarietako bat Altuna y Uria enpresako zuzendaria zenari. Haren alaba Maria Uriak jaso du saria aitaren izenean Iñigo Urkulluren eta Arantxa Tapiaren eskutik. Sari banaketa ekitaldian Uriak adierazi du aitari aitortutako saria jasotzea "ohorea eta harrotasuna" direla. Hitzartzean zehar gogoan izan ditu Inaxio Uria zenaren balioak, nortasuna, lanerako prestutasuna eta jarrera. 2008an hil zuen ETAk Inaxio Uria, enpresaren egoitzatik ateratzean. 

Eusko Jaurlaritzak 2021eko Korta sariak banatu ditu gaur arratsaldean lehendakaritzan egindako ekitaldian, eta iragarrita zegoen bezala, sarietako bat Inaxio Uria zenarentzat izan da. Altuna y Uria enpresako zuzendaria zenak urte luzez euskal enpresa munduan egindako lanaren eta ibilbidearen aitortza gisa eman diote 2021eko Korta sarietako bat Uriari, Adegik proposatuta. ETAk hil zuen Inaxio Uria tiroz 2008an, enpresaren egoitzatik ateratzean. 71 urte zituen. Eusko Jaurlaritza 2000. urtean hasi zen Korta sariak banatzen, ETAk Joxe Mari Korta Zumaiako enpresari eta Adegiko presidentea hil ondoren. 

Gaurko ekitaldian izan da Maria Uria, Inaxio Uria zenaren alaba, eta hark jaso du Eusko Jaurlaritzak emandako saria, aitaren izenean. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak eman diote saria azpeitiarrari. 

Lana eta balioak, erdigunean

Hitza hartu bezain pronto, Maria Uriak eskerrak eman dizkio Adegiri Inaxio Uria Korta sarietarako hautagai proposatu izanagatik. Era berean, azpimarratu du berarentzat eta familia guztiarentzat aitaren izenean Korta saria jasotzea "ohorea eta harrotasuna" direla. "Joxe Mari Korta zentzu askotan nire aitaren oso antzeko gizona zen, ekintzailea, ausarta, langilea, bere langileekin konprometitutako gizona eta oso familiarra. Bihotzez eskertuta jasotzen dut saria, eta, jakitun, nire aitaren pertsonan bere enpresa proiektuan finkatu zituen balioak saritzen direla; benetan handi egiten zuten balioak", adierazi du Uriak.  "Azpimarragarriak dira gure lurrari zion maitasuna, ondo egindako lanari eta emandako hitzaren konpromisoari emandako garrantzia eta herrialdean aberastasuna nahiz lana sortzen jarraitzeko bere langileekin zuen konpromisoa", gaineratu du. 

Maria Uria, gaurko sari banaketa ekitaldian. (Eusko Jaurlaritza)

Altuna y Uria enpresaren hastapenak eta ibilbidea ere izan ditu hizpide enpresari azpeitiarrak, eta gogoratu du Inaxio Uriaren balioek enpresan jarraitzen dutela oraindik: "Gaur egun bere ondarea bizirik dago berak zuzendu zuen Altuna y Uria enpresan. Bere lanaren eta zintzotasunaren bidetik jarraitzen dugu lanean".

Hitzartzea amaitzeko, gaurko saria Inaxio Uriak berak jaso beharko lukeela adierazi du haren alabak, eta "aurrera jarraitzearen garrantzia" azpimarratu du: "Aitak pertsonan jaso beharko luke Korta sari hau, bere lan nekaezinaren sari gisa. Bere hilketaren ondoren nahiz egungo pandemiaren bueltako krisialdiaren aurrean, garbi dut zer esango zidan: Altuna y Uriak aurrera jarraitu behar duela, etorkizuna sortzen jarraitzeko, gure lurrean sustraituta, ilusioarekin, egoerara egokituz, aldatuz eta inguruan aberastasuna sortuz. Eskerrik asko, eta beti aurrera". 

Inaxio Uriaz gain, Victoria Cañasek, Gurutz Linazasorok eta Fernando Salamerok jaso dituzte 2021eko Korta sariak. Iñigo Urkullu lehendakariak, bere aldetik, gaurko sarituek euskal enpresa munduarekin izandako "konpromiso eredugarria" nabarmendu du.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, Joxe Mari Korta sariak banatzen ditu urtero beren bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuei zuzenduta. 

Iñigo Urkulluren eta Arantxa Tapiaren eskutik jaso dituzte sariak lau enpresari sarituek. (Eusko Jaurlaritza)