Hondarribiarekin ariko da datorren sasoian Jon Etxaniz arraunlaria

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 23a, 15:24
Jon Etxaniz, Kontxako Banderarekin eta Eusko Label Ligako garaikurrarekin. (Utzitakoa)

Orain arte Santurtzirekin aritu da azpeitiarra, eta talde horrekin Eusko Label Liga nahiz Kontxako Bandera irabazi ostean, talde bat baino gehiagoren deia jaso du. Azkenean, Hondarribiaren aldeko hautua egin du.

Jon Etxaniz arraunlaria Hondarribiarekin ariko da datorren denboraldian. Santurtziko kidea izan da azpeitiarra azken sasoian, eta talde horrekin Eusko Label Liga nahiz Kontxako Bandera irabazi ditu. Denboraldi ezin hobe horren ostean, talde baten baino gehiagoren deia jaso du azpeitiarrak, eta aukera guztiak aztertuta, Hondarribira joateko erabakia hartu du."Hondarribia ondo ikusitako talde bat izan da beti niretzako, talde serioa, oso erregularra, eta beti hortxe aurrean ibili dena. Beste taldeak ere aukera egokiak ziren, baina bat aukeratu behar nuen, eta azkenean, Hondarribiaren aldeko hautua egin dut", adierazi du. 

Etxanizek urriaren 21ean erabaki zuen Hondarribira joatea, eta dagoeneko hasi da talde berriarekin entrenatzen. Momentuz "oso gustura" dagoela aitortu du azpeitiarrak, nahiz eta oraindik talde berrira "egokitzen" ari den.