Azaroaren 25a

Indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute arratsaldean

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 25a, 08:30

Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du protestara, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelopean. 19:00etan elkartuko dira, plazan.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, eta hori dela eta, elkarretaratzea egingo dute, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta. 19:00etan elkartuko dira, plazan, Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain! lelopean. Autodefentsa feministaren aldeko aldarria ere egingo dute. "Emakume* izate hutsagatik egunero pairatzen ditugun indarkeria anizkoitzik gabeko bizitza askeen alde" aterako da Euskal Herriko Mugimendu Feminista kalera. "Feministok borroka eguna dugu gaurkoa", adierazi dute.

Taldeak azaldu duenez, "minduta, nazkatuta eta amorruak ematen duen indarrarekin" iritsi dira azaroaren 25era. "Aurten, ofizialki, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian, eta etxeetan zein kalean pairatu dugun indarkeria izugarria izan da azken urtean. Ehunka eta ehunka dira, gainera, LGTBIQ+ kolektiboaren kontrako erasoak, gorroto diskurtsoak eta sexu orientazioagatik zein genero identitateagatik gauzatzen diren bazterketak. Noiz arte? Jendarte eredu hau jasangaitza da emakumeontzat eta genero disidenteontzat. Politika feministak prebentzioan sakontzeko baliabide pedagogikoak eta jendarte osoaren ardura hartzea behar dugu".

Helburu horri tiraka, "Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egitea exijitu" dute, indarkeria matxistarik gabe bizitzea "eskubide bat" dela argudiatuta. "Erakunde konprometituak behar ditugu, eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzionalak, elkarretaratzeak eta argazkiak". Nabarmendu dute ez dutela "benetako neurri eraginkorrik eta aurrekonturik gabeko berdintasun politika hutsalik" onartuko, "ezta zerbitzu publikoen prekarizaziorik ere". Erantsi dute "promesa faltsuez nazkatuta" daudela.

Kaleak hartzeko deia

Errealitate horren aurrean, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain!" da mugimendu feministaren leloa. Horrez gain, "autodefentsa feminista antolatu baten" aldeko aldarria egin dute, honako helburu hauekin: "Gure bizitzak defendatzeko, ikasi ditugun arauak zalantzan jartzeko, indarkeria zein errealitate ezberdinei modu indibidualean eta kolektiboan aurre egiteko". Kaleak hartuko dituztela ere azpimarratu dute. "Nazkatu gara beldurra izateaz, guk boteretze kolektiboaren aldeko hautua egiten dugu".

Aurtengo azaroaren 25ean ere, "erdigune eta bazter guztietan" mobilizatuko direla adierazi dute: besteak beste, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egingo dituzte manifestazioak. Hiriburuez gainera, herrietan zein eskualdeetan ere hamaika deialdi egin dute; besteak beste, Azpeitian. Mobilizazio horietan parte hartzera deitu dituzte "emakumeak, transak eta bollerak". Euskal Herri "feminista, antikapitalista eta antiarrazista" eraikitzera doazela adierazi dute.