Luis Enrique Sorianoren kasua argitzeko epaitegietara joko duela jakinarazi du ESK sindikatuak

Elkar-ekineko ordezkariak, ESK sindikatuko kideak eta Luis Enrique Sorianoren ama gaur Donostian egin duten agerraldian. (ESK)

Lantegian bere buruaz beste egin zuen gazteak uztailean, eta enpresaren kontrako salaketa jarriko duela iragarri du sindikatuak gaur, Donostian egin duen agerraldian. Gertatutakoaren gaineko azalpenak eman eta irakurketa egin dute sindikatuko kideek eta Azpeitiko Elkar-ekineko ordezkariek, Sorianoren amak lagunduta.

Joan zen uztailaren 30ean, lan egiten zuen Azpeitiko lantegian bere buruaz beste egin zuen Luis Enrique Sorianok, eta gaur, asteartea, gertatutakoa argitzeko epaitegietara joko duela adierazi du ESK sindikatuak. Hain zuzen ere, Manuel Aizpuru SL enpresa salatuko duela jakinarazi du sindikatuak, Sorianok lan egiten zuen lantegia. Izan ere, sindikatu horren arabera, "zalantzarik gabe lan istripua" izan zen 20 urteko gaztearena, heriotza lantegian jazo zelako eta hark bere burua hiltzeko "faktore nagusia lanean bizi zuen egoera" izan zelako.

Agerraldia egin dute gaur Donostian, Sorianoren ama Silvia Castillok, ESK sindikatuko abokatu Fatima del Castillok, ESK sindikatuko kide Iratxe Alvarezek eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeko Eneko Ibargurenek eta Imanol Agirrek. ESK-ko Del Castillo abokatuak esan duenez, abuztuaren 11n jarri zen gaztearen familia sindikatuarekin harremanetan, eta laguntzeko "ardura etikoa nahiz profesionala" sentituta, ordutik gertatutakoa argitzeko lanean ari dira. Haren arabera, "egoera gogor, triste eta korapilotsu" baten aurrean daude; izan ere, gertatutakoaren "zenbait alderdi argitzeko" badaude ere, "egia" jakin nahi dutela azaldu du.

Sindikatuko abokatuak jakinarazi duenez, harremanetan daude Osalanekin eta Gipuzkoako Lan Ikuskaritzarekin, horiek ari baitira gaia lantzen. "Ikerketa egin dute, eta txostenak egiten ari dira. Gainera, familiak eta neuk hainbat bilera egin ditugu bi erakundeetako kideekin", azaldu du abokatuak. Haren arabera, halako gai "larri eta delikatu" batek eskatzen duen "seriotasunarekin zein zuhurtziarekin" ari dira gaia lantzen, baina salaketa publikoa egiteko "ardura" dutela ere esan du. Gainera, bide judiziala hartuko dutela ere esan du. "Gaur egun ditugun froga zantzuen arabera, urrats bat gehiago egingo dugu maila juridikoan, eta beharrezkoak diren neurri legalak hartuko ditugu, ikerketak aurrera egin eta kasua argitzen joan ahala".

Sorianok 2018tik egiten zuen lan bere buruaz beste egin zuen enpresan, eta sindikatuaren hitzetan, enpresak "hainbat irregulartasun" egin zuen gaztearekin. "Badakigu kontratuan jartzen zuena baino ordu gehiagoz egiten zuela lan, badakigu oporrik ez zuela eduki, edo gutxienez, ez egokitzen zitzaizkion adina egunekoak, badakigu COVID-19aren bajarekin zela lanera joan behar izan zuela... Badakigu Luis Enriquek behin baino gehiagotan esan ziela bere ingurukoei 'gehiago ezin' zuela, lanean bizi zuen egoerari erreferentzia eginez".

"Prekarietatera kondenatuta"

ESKren arabera, ez da halako zerbait gertatzen den lehen aldia, eta lan harremanek gaur egun direnak izaten eta erakundeek orain arte bezala jokatzen jarraitzen badute, ez dela azken aldia izango esan du Alvarezek. Haren ustez, Sorianoren kasu zehatza langileek bizi duten errealitatearen testuinguruan kokatu behar da. "Ezin da ahaztu 56 direla aurten Euskal Herrian hil diren beharginak, Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duela eta 2008tik 892 pertsona hil direla lan istripuz".

Gainera, COVID-19aren pandemiak egoera are gehiago okertu duela uste du Alvarezek. Izan ere, langileengan izan duen eragin psikologikoa eta emozionala ikaragarria izan da haren arabera. "Baina horrek ez ditu gehiegi kezkatzen ez patronala, ezta prebentzio zerbitzuak ere, nahiz eta depresioa den lan bajen lehen arrazoia. Lan osasunaren arloan lantzeko dagoen gai garrantzitsua dira arrisku psikosozialak".

ESK-ko ordezkariak aldarrikatu duenez, langileek segurtasunez eta lan baldintza duinetan aritzeko eskubidea dute, baina gaur egungo egoerak "prekarietatera kondenatzen" dituela azaldu du. "Luis Enriquerena ez da kasu bakarra; gaizki ordainduta daude asko, LETen pean aritzen dira langile ugari, jazarpen egoerak izaten dira lantegietan, lan ordu extrak sartu behar izaten dituzte beharginek, lanegun amaiezinak egin... eta hori guztia beste aldera begiratzea nahiago duten erakundeen aurrean gertatzen da. Gainera, egoera are gehiago larritzen da emakumeen eta gazteen kasuan, eta oraindik ere gehiago migratzaileak diren kasuetan". Alvarezek esan duenez, lantegietan kontrol gehiago egin behar lituzkete, eta horretan "lehentasuna" izan behar dute "Sorianok lan egiten zuen gisako eta sindikatuen ordezkaritzarik ez duten enpresek".

"Ahotsik gabeen ahotsa"

Elkar-ekinen izenean Ibargurenek hartu du hitza gaurko agerraldian. Hain zuzen ere, talde horrek joan zen abuztuaren 7an eman zuen Sorianoren heriotzaren berri gutun baten bidez. Hark esan duenez, gaztearen heriotza "isilean" pasatu zen lehen egunetan herrian, eta jakinarazi du haren familia jarri zela taldearekin harremanetan, eta "ahotsik gabeei ahotsa ematea" izan da taldearen xedea hasieratik. "Familiak testigantza gogorra kontatu zigun, eta testigantza hura gaztearen hurbileko pertsonek baieztatu ziguten ondoren. Herriko migratzaileekin lan egiten dugun kolektiboa izanik, familiari babesa erakustearekin batera, testigantzari ahotsa jartzeko ardura sentitu genuen abuztuaren hasieran". 

Sorianok lanean bizi zuen egoera azaltzeko, testigantza hartan jasotakoak ekarri ditu gaur gogora Ibargurenek. "Hamabi orduko lanaldiak egiten zituen, igande askotan lanera joaten zen, oporrik ez zuen izan hiru urtean, COVID-19ak erasanda lanera joan zen gauez eta bakarrik, gaizki ateratako pieza batengatik 300 euro kendu zizkioten, hilabete batzuetan aparteko ehun ordutik gora sartzera iritsi zen... Badakigu hurbileko pertsona batekin hitz egin zuela gertatzen ari zitzaionaz. Badakigu sufrimendu handiz hitz egiten ziola, eta ezin zuela gehiago esan ziola", azaldu du hark.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide