Mintzagun saria lortu du 'Ospel' film laburrak Ikuska jaialdian

Anartz Izagirre 2021ko aza. 21a, 15:10
Yara Bergara 'Ospel'-en ekoizle zuzendaria, Ikuska jaialdian.

Atzo jaso zuen saria Pasaian (Gipuzkoa) Ospelen ekoizle zuzendaria den Yara Bergarak. Ikuska jaialdiaren barruan, Euskal Herriko film labur onenen Mintzagun kategorian jaso du aitortza ikus-entzunezkoak.

Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendutako Ospel filmak sariak eskuratzen jarraitzen du. Oraingo honetan Ikuskan, Pasaiako Badiako Nazioarteko XXIII. Film Erakusketan lortu du saria, Mintzagun kategorian, hain zuzen ere; atal horretan Euskal Herriko film laburrik onenari egiten diote aitortza. Atzo, zapatua, izan zen sari banaketa ekitaldia Pasaian (Gipuzkoa), eta Yara Bergara Ospelen ekoizle zuzendaria izan zen garaikurra jasotzen.

Atzokoaz gain, beste hainbat sari eskuratu ditu Rodriguezen filmak. Joan zen ekainean esaterako, Trapped Film Festivalen eta Sabadelleko Beldurrezko Film Jaialdian ere aitortza jaso zuen filmak. 2020ko urriaren amaieran estreinatu zuen lana Rodriguezek, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astean. Euskal mitologia du oinarri lanak, eta istorioan garrantzia handia dute gauak, eguzkiloreek eta kondairek, baita euskarak ere.