Saioa Garmendia: "Azkenean, gaixo ezkutuak bihurtzen dira zaintzaileak"

Gipuzkoako Hitza 2021ko aza. 19a, 15:00
Saioa Garmendia.

Zaintzaileen autozainketarako tailerren sortzailea eta dinamizatzailea da Saioa Garmendia (Astigarraga, 1979) Azpeitiko bizilaguna. Gipuzkoako hainbat herritan ditu taldeak, eta kontatu du zaintzaileek beren bizitza alde batera uzteko joera izaten dutela.  Gipuzkoako Hitzan argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Autozainketa tailerrak ematen dituzu herriz herri. Zer behar ikusita hasi zinen tailer horiek ematen?

Azkenetan zeuden gaixoen zaintzaileen beharrei buruzko tesina egin nuen, eta ikusi nuen zaintzaileek beren burua aparkatu egiten dutela askotan: lagunekin ateratzeari uzten diote, lana ere bai batzuek, norbere familia, bizitza soziala, zaletasunak… Azkenean, gaixo ezkutuak bihurtzen dira. Horregatik, tailer hauen helburua da egunerokoan beren burua zaintzen lagunduko dieten tresnak ematea, beren antzeko egoeran dauden beste zaintzaile batzuekin konfiantzazko giroan atseden hartzeko aukera izango duten gune batean.

Zaintzaileak jabetzen al dira haiek ere behar dutela zainduak izatea?

Jabetu bai, baina kostatu egiten zaie zainketa lan hori utzi eta beraientzat denbora hartzea, dena beren gain hartzen baitute askok. “Ez daukat astirik”, esaten dute, baina denbora hori hartu egin behar da. Nik beti esaten dut egunak 24 ordu dituela, eta, jarraian ez izanda ere, horietatik bat gutxienez gure gustuko zerbait egiteko izan behar dela; gainera, jakinda gure gustuko zerbaitetan ari garela.

Zer lantzen duzue tailerretan?

Beti hasten gara meditazio batekin, musika pixka bat jarri eta arnasketa ariketak egiten. Ondoren, horrelako egoera batean egonez gero baliagarriak izan daitezkeen ezagutzak lantzen ditugu. Dena den, halako gauzei buruz ere hitz egiten dugun arren, beti nabarmentzen dut ez ditudala ematen zaintzen ikasteko prestakuntza saioak: autozainketa tailerrak dira, hau da, geure burua zaintzen ikasteko tailerrak. Bi orduko saioak izaten dira, eta denboraren %80 autozainketako dinamikei eskaintzen diegu.

Nolakoak izaten dira dinamika horiek?

Alde batetik, dinamikak eta jokoak egiten ditugu harreman emozionalak lantzeko, autoestimua jorratzeko, gaixoarekin komunikazioa hobetzeko… Bestetik, estresa kudeatzeko tresnak ematen ditut: giharrak erlaxatzeko ariketak, autokontrolerako teknikak, mindfullness-a… Ikasi egin behar dugu geure burua zaintzen; egunero egin beharreko zerbait da. Nik teknika batzuk ematen ditut, eta helburua izaten da tailerretara datozenek teknika horiek aplikatzea beren eguneroko bizitzan.

Zaintza lanak era askotakoak izan daitezke. Antzeko beharrak al dituzte zaintzaile guztiek?

Tailerretara etortzen direnen artean daude mendekotasunak dituzten haurren zaintzaileak, 50 urteko senarraren zaintzaileak direnak, adinekoen zaintzaileak, zaintzaile profesionalak… Guztien beharrak ez dira berberak, eta, horregatik, taldeak berak markatzen du askotan zer bide jarraitu edo zer landu gehiago. Elkarren artean ere informazio asko partekatzen dute, eta hori ere oso aberasgarria izaten da: batek kontatzen du mendekotasuna duen haurra jarduera batzuetara eramaten duela udan, eta, agian, antzeko egoeran dagoen beste batek ez daki halakorik dagoenik ere; beste batek diru laguntza jakin bat jasotzen duela esaten du… Eusko Jaurlaritzaren familia bitartekaritza zerbitzuarekin ere elkarlanean ari naiz, eta, beharra ikusten badut, zerbitzu horretara bideratzen dut jendea.

Zer kezka aipatu ohi dituzte zaintzaileek?

Heriotza izaten da asko ateratzen den gai bat. Gehienei asko laguntzen die gaixoaren prozesua gutxi gorabehera nolakoa izango den jakiteak ere. Erru sentsazioa ere askotan aipatzen dute. Agian, ama zaintzea tokatzen zaizu, baina ez duzu harreman ona izan harekin, edo maite duzun norbait zaintzen ari zara, baina nekatu ere egiten zara, haserretu… Errazagoa da halako gauzei buruz zure antzeko egoeran daudenekin hitz egitea. Zaintzaileei, gainera, askotan gauza bat gertatzen zaie: bizitza sozial guztia alde batera uzten dute, baina gero, pertsona hori ez dagoenean, beren bizitzari berriro heldu behar izaten diote, eta konplikatua izaten da.

Irakurri elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.