Mikel Larrañaga: "Gauzak normal direla eta neure bat egiten badut, txapelketa irabazteko aukera dezente ikusten ditut"

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 19a, 10:17
Larrañaga, Txikia IV.a eta Otaño Izarraitz pilotalekuan, joan den udan. (Nerea Uranga)

Azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra puntu onean iritsiko dira igandean Bilbon jokatuko den Aizkolari Txapelketa Nagusira. Finala "oso gogorra" izatea espero dute hirurek.

Aizkolaritzaren txapelik preziatuenak, buruz burukoak, jokoan izango dira etzi Bilbao Arenan (12:00). Bigarren urtez jarraian, aizkolariek beraiek antolatutako Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean erabakiko da gizonen zein emakumeen txapelak nortzuk jantziko dituzten.

Sei kirolari lehiatuko dira gizonen finalean, eta erdiak Urola Kosta eskualdekoak dira: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Iker Vicente egungo txapelduna (Otsagabia, Nafarroa), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia) eta Jon Irazu (Zizurkil, Gipuzkoa) dira beste hiru finalistak. Emakumeen lehen finala izango dena, berriz, Karmele Gisasola Zelai III.ak (Mallabia, Bizkaia), Maika Arostegik (Ituren, Nafarroa) eta Uxue Ansorregik (Mendaro, Gipuzkoa) jokatuko dute.

Prest eta baikor

Eskualdeko hiru aizkolariak gogotsu daude igandeko finalaren atarian, gorputzaldi onarekin, baikor ere bai, eta badute sentipen horiek izateko arrazoirik. Iaz, Larrañaga bigarrena eta Otaño hirugarrena izan ziren finalean. Aurten ere azken agerraldietan maila ona eman ondoren iritsiko dira finalera.

Bat datoz Larrañaga, Otaño eta Txikia IV.a finala “oso gogorra” izango dela esaterakoan. “Kanporaketako saioko denborak oso-oso onak izan ziren eta finala oso gogorra izango dela aurreikusten dut; eta oso irekia ere bai, finalista gehienontzat”, dio azkoitiarrak. Zestoan jokatu zen Txikia IV.ak aipatutako kanporaketa edota sailkatze saioa, eta 2020an bezala, Larrañagak irabazi zuen finalaren atariko hori. Aurtengoan, ordea, alde nabarmenarekin gailendu zen azpeitiarra sailkatze proban. Joan den asteburuan, berriz, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Larrañagak Beasainen. Azken urteetan hortxe dabil, final nagusiko podiumetik jaitsi gabe eta ia beti Iker Vicenteren ondoren sailkatuz. Eta aurten, txapela irabazteko inoiz baino aukera garbiagoa ikusten du. “Gauzak normal direla eta neure bat egiten badut, txapelketa irabazteko aukera dezente ikusten ditut, egia esan”, aitortu du. Berak berea eman beharko duela aurretik jarrita, faborito rolari ez dio muzinik egiten Azpeitikoak, baina badaki aurkariak ere ez direla denbora-pasa joango Bilbora: “Aurkari gogorrak dauzkat eta lehia oso estua izango dela iruditzen zait. Iker Vicente azken urteetan erakusten ari den mailarekin, asko egin beharra dago hari irabazteko. Otañok ere azkenaldian gorakada handia egin du. Iruditzen zait horiek biek behintzat lanak emango dituztela finalean”.

Beizamako aizkolariak ere begiz jota du, nola ez, igandeko hitzordua. Zestoan zein Gipuzkoako Txapelketaren finalean, bera ibili da Larrañagarengandik gertuen. “Azken emaitzek esan nahi dute hortxe nabilela, ez hain urruti, eta motibazio handia da hori”, dio Otañok. Bereziki gustura dago joan den asteburuan Beasainen egin zuen lanarekin. “Test ona” izan zela dio, “Larrañaga asko estutu nuen eta une batean aurretik ere ibili nintzen”. Igandeko finalean “ahal den postu onena” egitera irtengo da Otaño, eta argi dauka horretarako bide motzena zein den: “Aurrenetik txapelaren bila joango naiz, gero ikusiko da nola irteten zaidan”. Txapela janzteko faboritoen zerrendarik ez du egin beizamarrak, finala “oso estua” izango dela eta “denak ondo” daudela uste baitu.

Txikia IV.ak ere “edozeinek irabaz dezakeela” uste du, baina denen ahotan dabiltzan hiruren izenak bereiztu ditu: “Egia da Larrañagak Zestoako kanporaketan aldeak asko markatu zituela, besteekiko koska dezentea atera zuen; baina Gipuzkoako Txapelketan ikusi da Otaño ere gai dela Larrañagari aurre egiteko. Eta jakinda Iker Vicente dela momentuko txapelduna, uste dut hiru horien artean borroka handia egongo dela”. Bere burua ez du lehia horretatik hain urrun ikusten Azkoitiko aizkolariak, faboritoen zerrendan egon ez arren. 2020ko finalean bosgarren sailkatu zen Txikia IV.a, eta Zestoako aurtengo sailkatze saioan ere postu horixe erdietsi du. “Fisikoki ondo” dago, “entrenamendu onak” egiten ari da eta finalean hori erakustea nahi du, baina azken lehiaketetan ez du halakorik lortu azkoitiarrak. “Egia da bai sailkapen proban eta bai Gipuzkoako Txapelketan aurreneko postuetatik pixka bat aparte ibili naizela. Hasiera nahiko onak egin ditut, baina lehia aurrera joan ahala, egur handietan eta, pixka bat borobiltzea falta izan zait”, azaldu du. Etzi, iazko finalean egindako lana hobetzea gustatuko litzaioke, “eta postua ere bai, ahal izanez gero”.

Mugak zabalduz

Aizkolariek beraiek Sherpa.ai enpresaren babesarekin antolatu duten banakako Aizkolari Txapelketa Nagusiaren bigarren edizioaren finala izango da igandekoa, eta berrikuntza aipagarria dakar berarekin. Izan ere, Gol TV Espainiako kirol kateak emango du zuzenean finala, orain arte beti Euskal Telebistarena izan den herri kirolen esparrua nolabait urratuz.

Zeresana eman du finalaren zabalkundeaz arduratuko den enpresaren aldaketak, baina aizkolariek uste dute onerako izan daitekeela berrikuntza hori ere.

“Publiko berria lortzeko lanean” ari direla kontatu du Otañok, aizkora ikuskizunak “ahalik eta erakargarritasun handiena” izateko helburuarekin. “Pentsatzen dut horrekin gure kirola munduan zehar zabalduko dela, ea indar pixka bat hartzen duen”, dio Larrañagak. “Gure kirola zabaltzeko apustua egin nahi izan dugu eta, alde horretatik, ez dugu babes handirik izan zenbait komunikabideren aldetik”, kontatu du Txikia IV.ak. ETBrekin izandako zailtasunak aipatu ditu: “ETBk gure txapelketa ez ematea erabaki zuen eta horrekin pena handia hartu genuen”.

Gauzak horrela, bide berriak jorratzea erabaki dute aizkolariek eta beren babesleak. “Gol TVk aukera hau eman digu, eta LaLigaSports TV taldearen bitartez, mundu osoan ikusi ahal izango da finala; besteak beste, Fox kateak AEBetan eta Australian emango du”, azaldu du Azkoitiko aizkolariak. Txikia IV.arentzat, “hori oso garrantzitsua” da beraientzat: “Kirol txikia da gurea, Euskal Herrian oso errotuta dagoena, baina AEBetan, Kanadan edo Australian ere asko ikusitako kirola da, era berean. Han ere badaude aizkolariak, eta uste dut toki horietara iristea garrantzitsua dela kirol honen zabalkundearentzat”.