Udalak eta Udal Musika Bandak kultura sustatzeko hitzarmena sinatu dute

Anartz Izagirre 2021ko aza. 18a, 18:49
Azpeitiko Udaleko eta Udal Musika Bandako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Helburu hirukoitza du bi aldeek sinatu duten hitzarmenak: komunitatearen garapena eta kulturartekotasuna sustatzea, kultur sorkuntza babestea eta Azpeitiko musika programazioa aberastea.

Urtero legez, Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Udal Musika Bandak kultura sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Udaletik Mikel Odriozola Festetako batzordeburua eta Ainara Larrañaga zinegotzia izan dira hitzarmena sinatzen, eta Udal Musika Bandaren aldetik, Julen Carrizo eta Julen Agirrezabalaga kideak. Hiru helburu ditu oinarrian hitzarmenak: komunitatearen garapena eta kulturartekotasuna sustatzea, kultur sorkuntza babestea eta Azpeitiko musika programazioa aberastea.

Udalak adierazi duenez, bandak hamarkada ugari daramatza "musika tradizioaren berreskurapena sustatzen" eta ekintza nahiz kontzertuen bitartez "musikaren arloa aberasten". "Herriko kultur agenda aberasten du festa zein bestelako egun seinalatuetan", nabarmendu du udalak.

Bestalde, etzi, larunbata, Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko du bandak Soreasu antzokian, 18:30ean hasita, Unai Frantsesenaren gidaritzapean.