"Swimruna eramangarria da, korrika eta igeriketa txandakatzen dituelako"

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 18a, 10:30
Joseba Amilibia eta Nekane Agirre. (Juan Luis Romatet)

Gironan jokatutako Cap de Creus swimrun proban parte hartu dute Joseba Amilibia zumaiarrak eta Nekane Agirre azpeitiarrak. Igeriketa eta korrika saioak uztartzen dituen kirola da; askorentzat ezezaguna, baina gero eta jende gehiagok praktikatzen du.

Igeriketa eta korrika saioak uztartzen ditu, baina swimruna ez da duatloia. Urriaren 23an Gironan (Herrialde Katalanak) jokatu zen Cap de Creus swimrunean izan ziren Joseba Amilibia (Zumaia, 1977) eta Nekane Agirre (Azpeitia, 1979). 

Swimruna ez da duatloi soila. Zer kirol mota da?

NEKANE AGIRRE: Korrika eta igeriketa uztartzen ditu, baina txandakatuz egiten da. Korrika hasten da proba, baina metro batzuetara igerian egin behar izaten da; gero, berriro uretatik atera eta korrika jarraitu behar izaten da... Toki batetik abiatu eta beste puntu batean amaitu behar izaten da, beti ere, soinean duzunarekin, bidean ezin izaten da arropaz aldatu edota zerbait hartu.

JOSEBA AMILIBIA: Distantziak ez dira laburrak, baina txandakatzen joanda eramangarriagoa egiten da. Bitxikeria moduan, azken proba honetara korrikarik egin gabe joan ginen biok. Baina, pentsatzen genuen proba egiteko gai izango ginela. Proba mendian izan arren, tarte batzuetan lasaiago joateko aukera izaten genuen. Azkenean, dena ondo atera zitzaigun, eta ez genuen inongo minik izan.

Non du jatorria kirol honek?

J.A.: Stockholmen (Suedia) sortu zen, eta sorrerari buruzko bi bertsio daude. Bertsio horietako baten arabera, hotel bateko jabeak bere langileei lasterketa bat proposatu zien: Stockholm inguruan irla asko dago, eta ura zegoen lekuan igeri egin behar zuten, eta lehorrean korrika. Beste bertsioak dio hiru lagun elkartu zirela, eta bazkari baten ondoren apustu eran egin zutela: bidean aurkituko zituzten jatetxeetan jango zuten, eta azkena heltzen zenak ordainduko zuen faktura. Azken bertsio hori sinesgarriagoa egiten zait!

Zer distantziatan jokatzen da swimruna?

J.A.: Normalean hiru distantzia izaten dira, triatloiaren antzera. Short izenekoa dago –orain gutxi sortu dena– 10 kilometro ingurukoa; maratoi erdiaren parekoa bestea, eta distantzia luzekoa, maratoiaren antzerakoa, hirugarrena. Guk Gironan egin genuenak 18 kilometro zituen korrika, eta bost igerian. Normalean %80 korrika egiten da, eta gainontzeko %20 igerian. Gironako proban hamabost aldiz txandakatu genituen bi modalitateak.

Bikoteka egiten den kirola da.

J.A.: Berez, bai. Batik bat segurtasun kontuengatik egiten da bikoteka. Parte hartu genuen lehen probaren aurretik esan ziguten benda bat eraman behar genuela, txilibito bana uretan zerbait gertatzen bazitzaigun jotzeko eta txip bat. Orientazioa ere landu behar izaten da; ibilbidea markatuta dago, baina ez da egoten boluntariorik bidean. Mendian galdu eta 200-500 metroan markarik ez baduzu ikusten, galdu zarenaren seinale. Horrelakoetan, bidean atzera egitea gomendatzen dute markak berriro aurkitu arte. Horrek badu bere xarma, ez da zoroen moduan korrika egitea bakarrik.

N.A.: Hasieran binakakoak ziren probak, baina banakakoak ere egiten dira orain, batik bat sprint distantzia sortu dutenetik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.