Antton Telleria: "Beti gustatu izan zait inguruko jendea barrez ikustea"

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 17a, 12:30
(Argazkia: Egoitz Bengoetxea)

'Nekatutak' bakarrizketa eskainiko du Antton Telleriak (Tolosa, Gipuzkoa, 1993) larunbatean, 22:00etan hasita, Azpeitiko Soreasu antzokian. Apirilean estreinatu zuen lana, eta harrera ona izaten ari da. 

Itxialdian hasi zinen bakarrizketak idazten. Aspermenari aurre egiteko, agian?

Aurretik ere banuen gogoa, beti gustatu izan zaidalako genero hori. Baina beti daukazu aitzakiaren bat gauzak atzeratzeko: "Gaur hasi beharrean, agian parranda egingo dut, eta hurrengo astean hasiko naiz...". Konfinamendua momentu aproposa izan zen gogo horri heltzeko eta idazten hasteko.

Beraz, zu ere konfinamenduak bilakatu zaitu sortzaile?

Bai, bai. Esaten zuten: "Hemendik hobeak aterako gara". Hobea ez dakit, baina ni umoregile bilakatu naiz. Ez da negozio txarra [barreak].

Barre Librea saioan egin zenuen zure aurreneko bakarrizketa. Han sortu al zitzaizun genero hori probatzeko harra?

Sekulako zortea izan zen han parte hartzeko aukera ematea. Aurrez banuen bakarrizketaren bat sortzeko gogoa, eta konfirmazio moduko bat izan zen saio hartan parte hartu izana. Pentsatu nuen: "Egin dezaket hau". Gero, pare bat lekutatik deitu zidaten: Oñatin emanaldi bat egin nuen, Tolosan bestea... Baina beti eskatzen zidaten ordubeteko emanaldi bat egiteko, eta horretarako ez nengoen prestatuta. Horregatik, erabaki nuen gelditzea eta idaztea. Hortik sortu zen Nekatutak.

Nolakoa izan zen idazte prozesua?

Beti izan dut joera trabatzeko, neure buruari "honek ez du balio" esateko. Horrelako momentu asko egon dira, baina oro har, oso kontentu nago, proiektua aurrera atera dudalako. Dena den, momentu kritiko dezente izan dira: izan ere, komedia idazteko, zure buruari grazia egin behar diozu, eta hori ez da batere erraza. Baina segi eta segi, forma eman diot azkenean. Gainera, estreinatu nuenetik aldaketa batzuk egin ditut emanaldian, eta zera esan dezaket esklusiban: pare bat ideia berri dauzkat, eta larunbateko saioan txertatuko ditut lehen aldiz.

Azpeitikoa izango da, beraz, orain arteko emanaldirik onena?

Dudarik gabe, eta sekula izango den onena [barreak].

Aipatu duzu gorabeheratsu samarra izan zela idazte prozesua. Lortu al zenuen, azkenean, zeure buruari grazia egitea?

Momentu batzuk oso bereziak izaten dira. Zerbait ona bururatzen zaizunean, sekulako poza sentitzen duzu. Baina, noski, astebetera irakurtzen duzu, eta grazia egiten dizu, baina ez lehen aldian bezainbeste. Ohitu beharra dago horretara: zuk zerbaiti mila buelta eman dizkiozun arren, pentsatu behar duzu jendeak lehen aldiz jasoko duela. Materialarekiko fede hori mantendu behar da. Gerra txiki bat izan ohi duzu zure buruarekin, baina pausoa eman egin behar da, bestela, perfekzioaren bila, etxean geldituko ginateke.

Nekatutak izena jarri diozu bakarrizketari. Ergatiboaren erabilera okerrari erreferentzia egiten dio izenburuak. Zergatik hautatu zenuen izen hori?

Gerora joan naiz azalpenak bilatzen, baina lehen aldi hartan, grazia handia egiten zidalako aukeratu nuen. Noizbait entzun izan diot jendeari, "zer moduz zaude?" galdetzean, "nekatutak" erantzutea. Euskal Herrian badaukagu zurruntasunerako eta zuzentasunerako joera, eta grazia egiten zidan izenburuarekin jendea urduri jartzeak. Puntu probokatzaile bat dauka. Gustura nago izenarekin: jokoa ematen ari da.

Zergatik justu Nekatutak, eta ez beste adjektibo bat?

Kontua ez da ni nekatuta nagoela, baina jendea entzun izan dut horrela esaten, eta badauka hor zerbait: hainbeste k eta t... Pixka bat gehiago aztertzen jarrita, iruditzen zait nire umorea egiteko moduarekin bat egiten duela izenak. Egia da ez naizela oso tipo energikoa. Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak ere adarra jo izan didate horrekin: poliki hitz egiten dudala, eta... Ez naiz garrasika aritzen den tipo horietako bat, komedian ohikoa den pertsona histrionikoa. Niri azpitik jotzea gustatzen zait. Nire tonu bitala gehiago da bakarrizketaren kartelean ageri dena; nire aurpegia ikusi eta nabaritzen da zer jarrera daukadan.

Hainbat gai landuko dituzu bakarrizketan: psikologia, futbola, ETA, Ertzaintza, irakasleak... Zergatik gai horiek?

Iruditzen zait badaudela gai batzuk komediarako oso aproposak direnak, eta gazteleraz landu direnak, baina euskaraz, agian, gehiegi ez. Orokorrean, salbuespenak salbuespen, ez dugu izan joerarik lokatzetan sartzeko: Ertzaintzari edo ETAri buruz hitz egiteko, adibidez. Iruditzen zait horrelako lurretan sartu eta hortik komedia ateratzea oso interesgarria dela.

Euskaraz umorea egitea zaila dela dio zenbaitek. Hala iruditzen al zaizu?

Iruditzen zait umorea egitea, oro har, oso zaila dela. Eta ez dut gure ofizioa mitifikatu nahi, inondik inora. Baina nahiko konplikatua da gai bat hartu eta dauzkan ertz guztiak bilatzea, kolpe on bat ematea... Eta sineskeria hori dago gizartean: euskaraz ezin dela egin. Gogoratzen naiz nola etorri zen pertsona bat nigana emanaldi baten ostean, zera esanez: "Sekulako perezarekin etorri naiz; niri gauza hauek euskaraz ez zaizkit gustatzen. Baina zure saioa pila bat gustatu zait". Kuriosoa da zer aurreiritzi daukagun. Neure buruarekin izan dut gerra hori, eta euskaraz egitea erabaki dut. Umorea euskaraz egitea eta jendea barrez lehertzen jartzea posible da. Egin behar dena da, egin, beste hizkuntza guztietan bezala. Euskara bera ez da muga bat.

Sare sozialetan ere asko saiatzen zara euskarazko umorea sustatzen.

Niri umorea egitea gustatzen zait, eta euskaraz bizi naizenez, euskaraz egiten dut umorea. Ni umorea gazteleraz egiten hastea bat-batean garrasika hastea bezala izango litzateke. Ez dator bat nire izaerarekin.

Sare sozialetan umorea azpeitiarrez egitera ausartu zara. Bakarrizketa azpeitiarrez egitera animatuko al zara?

Konturatu naiz findu beharra daukadala azpeitiar hizkera [barreak]. Gustatzen zait noan tokira noala keinu txiki bat egitea, eta ikusiko dugu...

Konfinamenduan hasi zinen bakarrizketaren generoa lantzen, baina aurrez ere umorea oso presente zegoen zure bizitzan: Dida irratsaioan, sare sozialetan... Zer da zuretzat umorea?

Betetasun handia sentiarazi izan dit beti txiste bat edo broma bat egin eta jendea zurekin barrez ari dela ikusteak. Umetatik izan dudan joera da. Beti gustatu izan zait inguruko jendea barrez ikustea.

Zergatik animatuko zenuke jendea larunbateko saiora?

Hasteko eta behin, oso dotore jantzita joango naizelako, eta badakit Azpeitian garrantzi handiko elementua dela estilismoa. Eta, bestetik, oso ondo pasatuko dugulako.