Elikagaien xahuketa saihesteko Zero Zabor Hozkailua proiektua abiatu du Iraurgi Ikastetxeak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 16a, 20:10
Zero Zabor Hozkailua proiektuaren aurkezpenean parte hartu duten eragile guztietako ordezkariak. (Anartz Izagirre)

Ikastetxeko jantokian zerbitzatu gabe utzi diren produktuak plazako hozkailu batean jartzen hasi dira Iraurgi Ikastetxeko kideak, eta ikasleek, irakasleek zein jantokiko langileek elkarlanean egiten dute lan horretarako. Gaur, asteartea, egin dute aurkezpena Betharrametako areto nagusian, eta bertan izan dira ikastetxeko kideak zein hainbat erakundetako arduradunak. Helburu hirukoitza du proiektuak: elikagaien xahuketa saihestea, hondakinak gutxitzea eta janaria behar duenaren eskura jartzea.

Elikagaien xahuketa saihesteko asmoz, Zero Zabor Hozkailua deituriko proiektua abiatu dute Iraurgi Ikastetxeko kideek. Hain zuzen ere, eskolako jantokian zerbitzatu gabe gelditu diren elikagaiak plazan kokatu duten hozkailu batean uzten dituzte egunero, eta beharra duenak dohainik har ditzake produktu horiek. Gaur, asteartea, izan da proiektuaren aurkezpena Betharrametako eraikineko areto nagusian eta bertan izan dira Iraurgi Ikastetxeko Rexcatering proiektuko, Gastronomia Baska catering zerbitzuko, Azpeitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Elikagaien xahuketaz gain, gainera, beste bi helburu ere baditu proiektuak: hondakinak gutxitzea zein ingurumena zaintzea eta janaria behar duenaren eskura jartzea.

Hitzartzearen aurretik, ikastetxeko irakasleek eta ikasleek Iraurgiren ereserkia abestu dute, eta horren ostean, Aitor Cordoba Iraurgiko zuzendari pedagokikoak egitasmoaren nondik norakoen berri eman du. Egitasmoan parte hartzearen arrazoiak azaldu ditu zuzendariak: "Familia baten bitartez Rexcatering enpresa ezagutu genuen, eta ikusi genuen Iraurgiko identitatearekin bat zetorren proiektua zela; izan ere, gure zutabeetako bat da herriari eta gizarteari ahal duguna eskaintzea. Gainera, ikasleek aktiboki parte hartzeko aukera dute, eta zuzenean ekintzara pasatzen dira". Joan zen ikasturte bukaeran harremanetan jarri ziren Rexcateringekin, eta haien laguntzarekin gauzatu dute egitasmoa. Horrez gain, Iraurgiko jantokiaren zerbitzuaren ardura duen Gastronomia Baska enpresarekin ere harremanetan jarri ziren, eta haiei ere aurkeztu zieten proiektua.

Ikastetxeko kideek hilabete eta erdi daramate dagoeneko proiektuan murgilduta, eta Cordobak zehaztu duenez, elikagai horiek kontsumitzeko segurtasun neurri guztiak hartzen dituzte kontuan; hau da, behar bezala ontziratuta, zigilatuta eta hoztuta egon ohi dira produktuak, kontsumitzeko prest izan aurretik. Horretaz jantokiko langilea arduratzen da, eta, ondoren, hiruzpalau ikaslek ontzi horiek etiketatu eta plazako makinara eramaten dituzte, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 16:45era bitartean. "Balore batzuk lantzen ari gara, hondakinak murrizten, eta ikasleak ikasten ari dira bitartean", gehitu du Cordobak. Horrez gain, esan du Azpeitiko eragile guztiei zabaldu nahi dietela Zero Zabor Hozkailua proiektua.

Zero Zabor Hozkailuan parte hartu duten bi ikasleek ere hartu dute hitza aurkezpenean. "Etxean egun batean soberan gelditzen den janaria hurrengo egunean aprobetxatu egiten dugu, eta ondo iruditu zitzaigun eskolan gauza bera egitea. Gainera, zabor gutxiago sortzen dugu, janaria aprobetxatzen da eta beharra duten familiei laguntzen diegu", azaldu dute.

Irakasleek eta ikasleek Iraurgiko ereserkia abestu dute aurkezpenaren hasieran. (Anartz Izagirre)

Erakundeen laguntza

Proiektua martxan jartzeko hainbat eragileren eta entitateren laguntza izan dute Iraurgikoek. Elikagaien xahutzea saihesteko lanean aritzen den Rexcatering enpresako Alvaro Saizek ikastetxekoen "balentria" azpimarratu du: "Egitasmoa izan dadila eredu gune honetako beste ikastetxeentzat ere". Gastronomia Baskako ordezkariak ere gustura agertu dira emaitzarekin: "Plazer bat da guretzako iniziatiba honen bitartez beharra duten pertsonei laguntzea, baita elikagaien xahutzea ekiditen laguntzea ere.

Bestalde, Azpeitiko Udaletik Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotzia eta Leire Goenaga Gizarte beharretako zinegotzia izan dira. Goenagak hartu du hitza: "Eskertzekoa da herritik halako iniziatiba bat sortzea, eta ikusi genuen Iraurgitik haratago herriarentzat ere proiektu interesgarria izan zitekeela. Azpeitian herritar asko dago egunerokotasunean jateko duinik ez duena, eta proiektu honek familia horiei aukera ematen dio elikagai hauek eskuragarri izateko".

Udala ez da izan proiektuari ekarpen ekonomikoa egin dion erakunde bakarra; izan ere, Zero Zabor Hozkailua proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere jaso du. Hain zuzen ere, 10.000 euro bideratu ditu Ingurumen departamentuak egitasmo horretara, eta halako ekintzen garrantzia azpimarratu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: "Elikagaiak alferrik ez galtzeak inpaktu handia du ingurumenean, emisioak murriztu egiten direlako, eta, gainera, betebehar sozial bat delako. Proiektu horrek klima aldaketaren estrategian aurrera egiten lagunduko dio Gipuzkoari, eta, halaber, gure lurraldea ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik lurralde jasangarriagoa izan dadin lagunduko du". Elikagaien xahuketaren inguruan 2017an egindako diagnostikoaren berri ere eman du Asensiok. Datuen arabera, urte hartan 123.000 tona elikagai xahutu ziren Gipuzkoan –%23 hondakinak eta %77 alferrik galdutakoak–; hau da, 90 kilo elikagai alferrik galdu ziren pertsona bakoitzeko. Ingurumen diputatuak zorionak eman dizkie ikastetxeko ordezkariei egindako lanagatik.

Zero Zabor Hozkailua, plazan.