Gero Axular taldeak 'Higa' ikuskizuna eskainiko du igandean Soreasu antzokian

18:00etan izango da ikuskizuna, eta dagoeneko eskuragarri daude emanaldirako txartelak Kulturazen webgunean. Zuzeneko musika eta eszenografia uztartuko ditu taldeak Higan.

Datorren igandean, hilak 21, Gero Axular taldearen Higa ikuskizuna izango da ikusgai Soreasu antzokian, 18:00etan hasita. Dantza taldeak zehaztu duenez, euskal historiaren eta kulturaren pasarte bat hartu dute ardatz ikuskizunean, eta Higan hiru gai gurutzatzen dira: "emakumeek historikoki jasan duten zapalkuntzarena, euskaldunok geure hizkuntzagatik eta kulturagatik bizi izan ditugun erasoena, eta garai guztietan jarrera aurrerakoia izan duten gizarte taldeek beren eskubideak eta ametsak lortzeko egin behar izan duten borrokarena". Gero Axular taldeak, besteak beste, zuzeneko musika eta eszenografia landua uztartzen ditu oholtzan. Emanaldirako txartelak salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean, hamar euroren truke.

Hona hemen Higa emanaldiaren aurkezpen bideoa:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide