Udalak sei langabe kontratatuko ditu datozen hilabeteetan

Julene Frantzesena 2021ko aza. 16a, 13:42

Udal brigadarako hiru peoi kontratatzeko deialdia martxan da dagoeneko. Erakundeak azaroaren amaiera aldean kaleratuko du udalean bertan lan egiteko beste hiru lagunen kontratazio deialdia.

Aurtengo Enplegu Planaren barruan, Azpeitiko Udalak aldi baterako sei pertsona kontratatuko ditu urtea bukatu bitartean. Hain zuzen ere, udal brigadarako hiru peoi kontratatzeko deialdia martxan da dagoeneko. Lanbideren bidez egingo ditu erakundeak kontratazio horiek, eta beraz, interesatuek azaroaren 19a baino lehen eman beharko dute izena.

Lan eskaintzara aurkezteko ezinbestekoa da pertsona hori Lanbiden izena emanda egotea eta pertsona horrek diru sarrerak bermatzeko errenta eskuratzea. Eskaintzen den postuan esperientzia izatea, euskararen ezagutza izatea, azpeitiarra izatea nahiz Azpeitian bizitzea baloratuko dute. Honako lotura honetan eskura daiteke lan eskaintzaren gaineko informazio gehiago.

Laster beste hiru kontratazio

Formateu X-TIC azpiproiektuaren barruan, beste hiru lagun ere kontratatuko ditu udalak erakundeak bertan lan egiteko. Hiru lagun horiek langabezian egon beharko dute, eta 35 urte baino gutxiago izan beharko dituzte. Gainera, emakumeek lehentasuna izango dute kontratatzerako orduan.

Lan eskaintza horretan izena emateko epea azaroaren amaieran zabaltzea aurreikusten du udalak, eta jakinarazi du deialdi publikoa egingo duela orduan.