Leku batzuetan, lau begi

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 4a, 16:45

Azpeitiko errepideetan badira arazoak sortu ohi diren zenbait gune. Ikusgaitasuna urria delako, ondo seinaleztatu gabe daudelako, edo besterik gabe, leku aldrebes samarrak direlako, kontuz gidatzea komeni da eremu batzuetan. Puntu ilun horietako batzuen bilketa egin du Uztarriak.

'Stop!'

Burdinbidearen Euskal Museoaren aurrean, Stop! seinalearekin topo egiten dute herrigune aldera sartu nahi dutenek, irudiko autoak bezala. Dena den, Perez Arregi aldetik maldan gora etorri ohi dira ibilgailuak, eta gaineraino etorri arte, stopean geldituta dagoenak ez du ikusten autorik badatorren edo ez. Era berean, aldapan pixka bat beherago joanda kokatzen den bidegurutzean, hainbat norabide, zebrabidea, bidegorria nahiz autobus geltokia daude, eta nahasmena sortu ohi da.

Bigarren ilaran

Burdinbidearen Euskal Museoaren inguruan bada arazoak sortu ohi diren beste gune bat. Hain zuzen ere, Urola kalean hainbat auto egon ohi dira bigarren ilaran aparkatuta, eta kaosa sortu ohi du horrek.

Autobusek lehentasuna

Foru Pasealekuan, BM supermerkatuaren parean, ibilgailu ugari ibili ohi dira joan-etorrian. Dena den, errepidea nahiko estua da, eta kamioi edo autobus handiren bat etorriz gero, ez dira ondo kabitzen bi ibilgailu. Horregatik, seinaleak daude jarrita zebrabidearen ondoko horman: batetik, ibilgailu handiren bat baldin badator, hark lehentasuna duela eta auto gidariak gelditu egin behar duela jakinarazteko; eta bestetik, 3,5 metro baino altuago diren ibilgailuak ez direla sartzen adierazteko.

Noizko atera

Loiola inguruan ere arazoak sortu ohi dira. Munategiko biribilgunea zen lehen puntu ilun bat, baina hango arazoa konponduta, Forum saltokiaren parean sortu ohi da orain katramila. Izan ere, saltoki horren aldetik Azpeitia aldera hartu nahi izanez gero, askotan denbora pila bat zain egon behar izaten dute auto gidariek, trafiko handia ibili ohi delako. Beraz, badira Azkoitia aldera hartu eta Munategiko biribilgunean buelta hartzen dutenak ere.

Lanbideren pareko sarrera-irteera

Lanbide kokatzen den gunearen parean, herrira sartzeko eta irteteko gune garrantzitsua dago. Hainbat bide elkartzen dira bertan, eta ibilgailu ugari ibili ohi da inguruan. Arretaz gidatu beharreko gunea da hori, norberak bere maniobra ondo egin dezan.

Biribilgunea oker

Danona lantegia zenaren parean, maldan eraikitako biribilgunea dago, eta auto gidari askok hartu dituzte sustoak bertan. Izan ere, euri pixka bat egin badu, irristakor egoten da eremua, eta bat baino gehiago dira Zestoa aldera zihoazela Azpeitia aldera begira gelditu direnak, autoak ihes egin eta gero.

50 kilometro orduko, gehienez

Lasaoko errepide nagusian, 50 kilometro orduko abiaduran gida daiteke gehienez; hala adierazten dute seinaleek. Dena den, zuzen-zuzena da bidea, eta gidari asko gehienezko abiadura muga gaindituta ibili ohi dira.

Mendi bide estuak

Herrigunetik kanpoko auzoetan eta baserri inguruetan hainbat mendi bide daude, autoentzat baliagarriak diren arren, nahiko estuak direnak. Enparangain auzotik gora, adibidez, aldapa handia eta bide estua dago, eta ez dira bi auto elkarren ondoan kabitzen. Goraka zoazela goitik behera autoren bat tokatuz gero... arazoak.

Suhiltzaileen pareko bidegurutzea

Suhiltzaileen pareko bidegurutzean, saihesbidea eta Goenara nahiz Loiolara doazen bideak elkartzen dira. Trafiko handiko gunea da, eta ibilgailuren batek saihesbide nagusitik Meola aldera hartu nahi badu, argazkiko auto grisak bezala, zain egon behar izaten du askotan. Halakoetan, auto ilarak sortu ohi dira.