Koronabirusa Azpeitian

Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du, eta Jaurlaritzak neurri berriak aplikatuko ditu bihar herrian

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 15a, 13:45
Azpeitiko plaza, konfinamendua ezarrita izan zen sasoian. (Alex Berasategi)

880,42ko intzidentzia tasa du une honetan Azpeitiak, azken zazpi egunetan 71 positibo zenbatuta. Eskualdeko 5.000 biztanletik gorako gainerako herriak eremu horian daude gaur-gaurkoz. Horrenbestez, Azpeitian ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak jende pilaketak saihestea xede duten neurri murriztaileak bihar.

Azpeitiak eremu gorrian jarraituko du beste astebetez. Eusko Jaurlaritzak astero ateratzen ditu koronabirusaren pandemiaren gaineko datuak, eta gaur, astelehenarekin, azken astebetekoen berri eman du.

Azken zazpi egunetan 71 lagunek eman dute positibo herrian, eta 880,42 da herriko intzidentzia tasa. Hori dela eta, eremu gorrian izango da Azpeitia datorren astelehenera arte gutxienez. Gainera, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu intzidentzia tasa 400etik gorakoa den herrietan.

Bihar, asteartea, iragarriko dituzte neurri horiek, eta eremu gorrian dauden herrietan aplikatu beharko dira. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bihar emango du horien berri, Gobernu Kontseiluaren ostean, baina neurrion helburua jende pilaketan saihestea dela aurreratu dute.

Gaur-gaurkoz, Azpeitia da eremu gorrian dagoen Urola Kosta eskualdeko udalerri bakarra, baina Gipuzkoako beste bost udalerritan ere intzidentzia tasa altuak dituzte: Astigarraga, Segura, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga.

5.000 biztanletik gorako eskualdeko gainerako herrietan ere ezin da esan lasaitasuna nagusi denik. Guztiak eremu horian daude sartuta: Azkoitia 233,66ko tasarekin, Orio 260,93koarekin, Zarautz 261,28koarekin eta Zumaia 111,94koarekin. Gainerako herriek 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenez, Jaurlaritzak ez ditu koloreetako eremuetan sartzen, baina Getariak eta Aizarnazabalek, esaterako, 1.554,77ko eta 910eko tasak dituzte hurrenez hurren.

Goranzko joera

Hego Euskal Herrian nabarmena izaten ari da PCR eta antigeno probetan atzematen ari diren positibo kopuruaren goranzko joera; izan ere, astebetean 2.644 positibo zenbatu dituzte. Atzo 5.480 proba egin zituen Osakidetzak eta Osasunbideak, eta guztira, 439 positibo detektatu zituzten.

Lurraldeka, Gipuzkoan baieztatu dituzte kasu berri gehien: 160. Bizkaian 133 izan dira, Nafarroan 130 eta Araban hamar. Uneotan COVID-19ak jotako 114 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 30 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Nafarroan 43 dira ospitaletan dauden herritarrak, eta horietatik zortzi ZIUn daude.