'Zutik!' eta 'El buen patron' filmak emango dituzte igandean eta astelehenean

Julene Frantzesena 2021ko aza. 25a, 08:00
'El buen patron' filmeko irudi bat.

Zutik! haurrentzako filma igandean emango dute, 16:30ean. El buen patron, berriz, 19:30etik aurrera ikusi ahal izango da filma igandean, eta 21:00etan hasita, astelehenean.

Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak amaituta, film emanaldiak bueltatuko dira Soreasu antzokira. Hain zuzen ere, igandean eta astelehenean Zutik! eta El buen patron lana ikusteko aukera izango da; Zutik! igandean emango dute, 16:30ean; El buen patron, berriz, 19:30etik aurrera igandean, eta 21:00etan hasita, astelehenean. Hiru emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke.

Animaziozko lana da Iker Alvarezek eta Haizea Pastorrek egindako Zutik! filma. Honako hau da haren sinopsia: "Bi mundu antagonikoren inguruko istorioa da Zutik!. Batetik, iratxoek osatzen eta zaintzen duten mundu koloretsua ageri da: parkea. Zuhaitzez eta landarez jositako ingurua da parkea: han dena da algara, dena aniztasun, dena bizitza. Parkean bizi dira Mithy, Liz, Hur eta gainerako iratxoak; zuhaitz beste iratxo daude. Bestetik, gizakien hiria dago. Porlanak, kutsadurak, keak eta teknologiak hartutako eremua da hiria. Eraikin altuek eta batetik bestera gailu elektronikoekin itsututa dabiltzan gizakiek osatzen dute hiria. Bertan bizi da Helene, filmaren protagonista. Heleneren aita da hiriko alkatea, eta parke naturala 5G antenaz hornitutako parke teknologiko bihurtu nahi du hark".

Hona hemen filmaren trailerra:

Komedia eta drama generoko filma da Fernando Leon de Aranoak zuzendutako El buen patron. Javier Bardem da aktore nagusia, eta honako hau da lanaren sinopsia: "Julio Blanco Espainiako hiri batean balantza industrialak egiten dituen enpresa baten jabe karismatikoa da, eta enpresa bikaintasunaren tokiko sari bat lortzea erabakiko duen batzordearen berehalako bisitaren zain dago. Denak primeran egon behar du bisitarako, baina badirudi dena bere aurka jartzen ari dela. Erlojuaren kontra lan eginez, bere langileen arazoak konpontzen saiatzen da Blanco, eta, horretarako, imajina daitezkeen lerro guztiak gurutzatzen ditu, ustekabeko ondorioen eta ustekabeko gertaeren segida leherkor bat sortuz".

Hona hemen filmaren trailerra: