Koronabirusa Azpeitian

Eremu gorrian dauden herrietan murrizketak iragarriko ditu Eusko Jaurlaritzak

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 14a, 13:37
(Argazkia: Alex Berasategi)

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 150etik gorakoa da intzidentzia tasa, eta Jaurlaritzak beharrezkoa ikusi du murrizketak ezartzea. Asteartean iragarriko ditu Osasun sailburuak neurri berriak. Joan zen asteleheneko datuen arabera, Azpeitia eremu gorrian dago, 670,17ko intzidentzia tasarekin, eta datuak asko aldatu ez badira, neurriek eragina izango dute herrian.

COVID-19 kasuak ugaritzen ari dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta goranzko joera hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak erabaki du neurri murriztaileak indarrean jartzea. Hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 150etik gorakoa da hiru lurralde horietan, eta Jaurlaritzaren arabera, horrek esan nahi du "COVID-19aren transmisio maila altua" dela.

Hori horrela, murrizketak iragarri dituzte koronabirus kasu gehien dituzten herrientzat; hau da, eremu gorrian direnentzat. Neurri berrien inguruko informazioa asteartean emango du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, Gobernu Kontseiluaren ostean egingo duen prentsaurrekoan. Dena den, aurreratu dute jende pilaketak saihestea helburu duten neurriak izango direla.

Osasun Sailak astelehenetan eguneratzen ditu herriz herriko datuak, eta beraz, bihar emango dute informazio eguneratua. Dena dela, joan zen asteleheneko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean honako hauek zeuden eremu gorrian: Agurain, Abadiño, Astigarraga, Azpeitia eta Zumarraga.

Eskualdeko herriek honako intzidentzia tasa hauek zituzten duela astebete, azaroaren 8ko txostenean jaso zutenez: Aian 50,38, Aizarnazabalen 390,12, Azkoitian 208,63, Azpeitian 670,17, Beizaman eta Errezilen 0, Getarian 1.448,76, Orion 16,31, Zarautzen 171,33, Zestoan 128,40 eta Zumaian 81,41. Urola Kostan, Azpeitiak eta Getariak dute 400etik gorako intzidentzia tasa, baina Getaria 5.000 biztanletik beherako herria denez, printzipioz ez dago eremu gorrian dauden herrien zerrendan.

Nafarroan ere okerrera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuen gisan, Nafarroakoek ere goranzko joera adierazten dute. Atzo, 159 kasu zenbatu zituzten lurralde horretan; azken hiru hilabeteetako kopururik altuena. Nafarroako Gobernua, gainera, gaueko aisialdian COVID-19 pasaportearen erabilera ezartzeko aukera aztertzen ari da.