Aitziber Olaizolak irabazi du Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketa

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 14a, 14:44

Euskal Herriko Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketaren azken jardunaldia jokatu dute Garmendipeko bolatokian. Historian lehen aldiz, emakume bat nagusitu da txapelketan.

Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bolo Joko Txapelketako laugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten atzo –larunbata– arratsaldean Azpeitian. 17:00etan hasita, 73 bolari aritu ziren lehian Garmendipeko bolatokian, eta Azpeitiko Garmendipe taldeko sei-zazpi kidek ere parte hartu zuten. Azken jardunaldia izanik, berdinketa hausteak bertan egin zituzten, baita sari banaketa ekitaldia ere.

Jardunaldi guztietako puntuak kontuan hartuta, Elgoibarko (Gipuzkoa) Aitziber Olaizola gailendu da aurtengo txapelketan; guztira, 21 txirlo bota ditu hark. Datu aipagarri bat: historian lehen aldiz irabazi du txapelketa emakume batek. Markina-Xemeingo (Bizkaia) Oier Azurmendi sailkatu da bigarren, txirlo kopuru berarekin. Hirugarren postua, berriz, Eibarko (Gipuzkoa) Bittor Rodriguezentzat izan da; 20 txirlo jaurti ditu hark.

Adin eta herri ugaritako jendea elkartu zen atzo Garmendipeko bolatokian. 21 metroko distantziara zituzten hiru txirloak, eta horiek jaurtitzeko ahaleginean aritu ziren guztiak. Giro ederra sortu zen.