39. Euskal Antzerki Topaketak

Eneko Sagardoi: "Bakoitzak izandako harreman estuen zauriak errepasatzeko balio du antzezlanak"

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 12a, 11:00
Eneko Sagardoi eta Miren GaztaƱaga, antzezlanaren une batean. (Arriaga antzokia)

Eneko Sagardoi eta Miren Gaztañaga aktoreek 'Maitasunaren itxiera' antzezlana taularatuko dute gaur, ostirala, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. 19:00etan izango da emanaldia, Soreasu antzokian. Bikote harreman baten amaiera du oinarrian testuak. 

Pascal Rambert dramaturgo frantziarraren Cloture de l'amour antzerki lanaren euskarazko egokitzapena da Maitasunaren itxiera; Rambert bera aritu da zuzendari lanetan. Arriaga antzokiak ekoitzi du obra, eta hainbat lekutan taularatu ostean iritsiko da Azpeitira. Antzezlanaren nondik norakoak aletu ditu Eneko Sagardoi aktoreak (Durango, Bizkaia, 1994).

Harremanari amaiera jarri nahi dion bikote baten elkarrizketa latza jasotzen du antzezlanak. Zer azaleratuko da elkarrizketa horretan?

Haustura batean zer gertatzen den azaleratzen da; kasu honetan, bikote harreman bat banatzean gertatzen dena. Halako harreman estu eta iraunkor batean sortzen den mundu propioa nolakoa den ikusiko du ikusleak, eta harreman intimo horretan zer garrantzi daukan hizkuntzak eta sortzen den lengoaia intimoak. Eraikuntza azaltzen da, baina baita deseraikuntza ere; hau da, nora doa mundu propio hori guztia harremana bukatzean? Nor gelditzen da zerekin? Bana daitezkeen zerbait ote dira harreman batean sortzen diren lengoaia, hitzartzeak, ohiturak nahiz berba egiteko modua? Horrekin guztiarekin zer gertatzen da?

Bortizkeria nagusituko da eszenan. Zergatik egingo zaie protagonistei hain zaila gauzak bakean konpontzea?

Uste dut harremanari amaiera jartzea zail egitea ez dela hautu bat. Nire pertsonaiak, agertokira sartzen denean, zera esateko asmoa du: "Ikusi eta gurea amaitu dela esan nahi nizun". Baina gertatzen dena da, hitz egiten hasi eta ezin duela gelditu; horren atzetik botaka egitea moduko zeozer dator. Ez du egiten min emateko intentzioarekin, baizik eta norbera lasai gelditzekoarekin; dena esanda gelditzeko asmoarekin. Dena den, egia da min handia sorrarazten duela eta gero bueltan ere mina datorkiola, saihetsezina balitz bezala.

Hizkuntza bera tortura fisikoa baino eraginkorragoa izango da antzezlanean. Zer-nolako hizkuntza baliatuko dute pertsonaiek?

Obra guztian ez dugu elkar ukituko bi protagonistok; hori da zuzendariak eman zigun ohar garrantzitsuetako bat. Hala ere, publikoarengandik jasotzen dugun erantzuna da oso-oso bortitza egin zaiela antzezlana. Uste dut hitza oso eraikitzailea izan daitekeela; maitasun handia adierazteko eta elkar zaintzeko boterea du hitzak, baina erabat kontrakoa ere izan daiteke. Uste dut obra honetan ikusten dela bere hizkuntza propioak nola sortu zuen bikotea, zer garrantzi izan zuen horrek, baina orain kontrakoa dator: hizkuntza hori bera ukendu izatetik dardo izatera pasatzen da. Horren erruduna denbora da.

Miren Gaztañagak eta biok hezurmamituko duzue bere harremanari amaiera jarri nahian ari den bikotea. Nolakoak dira pertsonaiak?

Mirenen pertsonaiak eta nireak gure izen berberak dituzte; hori ere zuzendariaren hautua izan da. Antzezlana hainbat hizkuntzara egokitu dute, eta bertsio guztiekin gauza bera egin du Rambertek. Aktoreek antzezlanean beren izenak baliatzea nahi izan du hark, beren gorputz adierazpenetik abiatzea, eta errealitatearen eta fikzioaren arteko lerro hori ahalik eta gehien lausotzea. Esan dezakegu pertsonaiek asko dutela gugandik: besteak beste, hitz egiteko modua eta mugitzeko modua. Baina, bestalde, fikzioa ere badago. Bi pertsona oso jantziren arteko harremana da; biak urte askoz mundu osoan zehar antzerkia egiten ibili izan dira, eta beraz, oso maila jasoa dute, bai pentsatzeko moduari, bai hitz egiteko moduari dagokionez. Hain zuzen ere horregatik, gozatu dutenean asko gozatu dute, mundu oso aberatsa elkarbanatu dutelako, baina min egiteko orduan ere, badute zeri heldu. Onean oso ondo egon diren bi pertsona dira, eta txarrean elkar erabat suntsi daitezkeenak. Biek ala biek ironia eta bortizkeria dezente baliatuko dute; ondo ezagutzen du bakoitzak bestearen ahultasuna zein den. Eta horri tiro egiten diote gupidarik gabe.

Estreinaldiaz geroztik, askotan taularatu duzue antzezlana. Zer-nolako harrera izaten ari dela esango zenuke?

Egin ditudan obra guztietatik ikuslearengan inpaktu handiena eragin duen lana izan dela esango nuke. Izan dira aretotik alde egin dutenak, antzezlana ikusi ostean erabat deseginda sentitu direnak... Eta badago jendea, pertsonaiei gertatzen zaienarekin erabat konektatu ez duen arren, aktore lanak zer-nolako indarra duen azpimarratu diguna. Oso exijentea da obra, eta horregatik erabaki genuen soilik hiru hilabeteko bira egitea, horretan buru-belarri egoteko. Uste dut jendearengana heltzen dela gure izerdia eta atzean dagoen lan guztia. Eta esango nuke, izan dituzun esperientziak izan dituzula, oso erraza dela obra zure bizitzara ekartzea, zorionez edo zoritxarrez. Uste dut ikuslearengan tekla asko ukitzen ditugula, behin eta berriro. Eta badago obra honek onura ekarri dion jendea ere, bere bizitza berrikusteko balio izan diona: bere maitasun harremanak, eta ez bakarrik bikote harremanak, baizik eta bizitzan zehar izan dituen harremanak. Niri oso hunkigarria egiten zait bakoitzak izandako harreman estuen eta garrantzitsuen zauriak errepasatzeko balio izatea antzezlanak.

Zergatik animatuko zenituzke herritarrak antzezlana ikustera?

Ni gaztelerazko bertsioa ikustera animatu nintzen arrazoi berberagatik animatuko nuke jendea euskarazkoa ikustera. Banekien bi aktore oso biluzik ariko zirela oholtzan, inolako laguntza eszenografikorik gabe, testu oso erritmikoa eta poetikoa oinarri zutela, baina era berean, oso gordin eta oso gaurko. Gainera, uste dut huts-hutsean eta oso modu gordinean ikusten dela antzerkia zer den. Bada gauza bat esaten duen pertsona bat, eta besteak esandako horrekin ez dagoela ados erantzuten dio. Hori da pixka bat antzerkiaren funtsa; oso oinarrizko gatazka da, eta uste dut jendeak oso gustura ikusiko duela obra.