Karkarak Komunitatearen Saria irabazi du Tokikom Sarietan

Tokikom Sarietako finalistak, tarteak UKTko kideak. (Tokikom)

Karkarak 2020ko irailean plazaratutako aldizkariaren azalak jaso du Komunitatearen Saria, publikoaren boto gehien jaso ondoren. Sari banaketaz gain, jardunaldia ere egiten ari dira goizean zehar nazioarteko adituekin, hedabideen inguruan komunitateak sortzea ardatz hartuta. 

Tokikom Sarien seigarren edizioaren sari banaketa egin dute gaur goizean Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan (Gipuzkoa). Tokikomek antolatu du ekitaldia, eta euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagundik gora batu dira. Sari banaketaz gain, lanketa ere egin dute nazioarteko adituekin batera, hedabideen inguruko komunitateen sorkuntzaz. Britainia Handiko BBCko, Flandriako Het Belang van Limburgeko eta Espainiako eldiario.es-eko lankideen esperientziak entzuteko aukera izan da ekitaldian. 

Tokikomen lau sari banatu ditu aurten finalisten artean, eta horietako bat, Komunitatearen Saria, Urolako Komunikazio Taldeko Karkara hedabidearentzat izan da. Sari hori publikoak erabaki du, Internet bidez egindako bozketaren bitartez. Hala, finalistarik bozkatuena izan da Karkara aldizkariaren Bandera da Orion azala. 2020ko irailean plazaratu zen, Orioko nesken traineruak Kontxako Bandera irabazi eta gero. 373 boto jaso ditu, boz guztien %25. Aitziber Arzallus Karkarako erredaktoreburuak eta Arnaitz Rubio argazkilariak jaso dute garaikurra.

Edukirik Onenaren Saria Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Azalik Onenaren Saria Sakanako Guaixe aldizkariak irabazi du, eta Ikus-entzunezkorik Onenarena Goierri Irrati-Telebistak jaso du.

Urolako Komunikazio Taldeko lan gehiago izan dira finalista aurtengo edizioan: batetik, GUKA gehigarriko erreportaje bat, eta bestetik, Maxixatzenen azal bat eta erreportaje bat.