Mendilerro bat diskoan jasoa

Julene Frantzesena 2021ko aza. 12a, 12:00
Zallek taldeko kideak. (Zallek)

Zallek musika taldeak 'Karakorum' izeneko lehen diskoa aurkeztuko du gaur Gaztetxean (22:00). Lau urteko ibilbide malkartsuaren emaitza da musika instrumentala eta esperimentala oinarri dituen proiektua. 

Lau urteko lanaren emaitza argia ikustear da. Izan ere, gaur, ostirala, eskainiko du Zallek taldeak Karakorum diskoa aurkezteko lehen kontzertua, Gaztetxean. Lau laguneko taldea da Zallek, eta taldeko bi kide elkartu ditu Urola Kostako Hitzak kontzertuaren atarian: Asier Aizpuru (Azpeitia, 1995) eta Martin Altuna (Azpeitia, 1995). Biek ala biek lana aurkezteko “izugarrizko gogoa” dutela adierazi dute. “Behar genuen fasea itxi eta gozatzen hastea. Orain dela urtebete joko genituzkeen kantak, baina zalantza eta akats askorekin. Orain gaude pausoa emateko moduan”, azaldu du Altunak. Dena den, orain arte egindako bidean ere gozatu dutela azaldu du Aizpuruk.

Gozatu badute ere, Garate estudioan grabatu duten diskoa kaleratu arteko bidea malkartsua izan dela azaldu du Aizpuruk. “Prozesua aspaldi hasi genuen. Erokomeri taldeko kideak ginen, eta naturalki sortu zen Zallek taldea. Izan ere, modu naturalean ari ginen Erokomeri taldean egiten genuen hartatik aldentzen. Talde haren amaiera iritsi zen, baina guk jarraitzea erabaki genuen”. Bat egin du Altunak: “Hastapenetan ez ginen egiten ari ginenarekin oso kontziente, baina iritsi zen une bat zeinetan gure bidea hau zela konturatu ginen”.

Trikitiaren itzala

Hasieran zer egin nahi zuten ez zeukaten garbi musika taldeko kideek. Hala azaldu du Aizpuruk. “Lehen urtean egin genituen gauza batzuk, baina ez ziren uztargarriak. Gero eman genion koherentzia musikari”. Hala baieztatu du Altunak: “Denborarekin jabetu ginen zer egin nahi genuen, eta saiatu ginen horri forma ematen, kantuak josten, loturak egiten… Musika instrumentalak eskaintzen duen hori egiten saiatu gara, finean”.

Musika instrumentala eta esperimentala. Horixe sortzen du Zallek taldeak. “Nahasketa” bat dela azaldu du Aizpuruk. “Ez dugu erreferentzia garbirik, horregatik da esperimentala. Kantuen hasierako joera lasaia da, baina une indartsuak ere badituzte. Une horietan musika rockeroa da, baina trikitia ere badugu tartean, eta horrek folk ukitu bat ematen dio musikari”. Trikitixaren molde zaharrak apurtzeko balio izan dio Altunari Zallek taldeak. “Trikiti molde zaharretik jaso dudan guztiagatik naiz naizena, baina horrek ez ninduen betetzen; beste zerbait probatzeko esperimentua izan da proiektua. Badakit urratu nahi dudan bidea hau dela”.

Entsegu lokalean sortu dute lana, eta taldekide guztiek izan dute sormenaren ardura. Altunak adierazi duenez, orain arte bizitakoen oso desberdina izan da lan prozesua. “Ni ohituta nengoen doinuak sortu eta taldera eramatera, baina orain alderantziz izan da; taldekideek sortu dituzte melodiak, eta gero sartu dugu trikitia. Zaila egin zait hori; izan ere, lehen egiten nuena balekoa zen, eta zaplastekoa hartu dut zentzu horretan”.

Emaitzarekin gustura dira taldeko kideak, baina Aizpuruk adierazi duenez, jakitun dira zaila izango dela jendeari, oro har, egiten duten musika gustatzea. “Askok esango dute: ‘Zertan ari zarete?’ [barrez]. Altunak dioenez, “garbi” dute hori gerta daitekeela. “Egia esan doinuak sortzea zailagoa egin zaigu guri ere, musikalki helduagoak garelako, gure buruari gehiago eskatzen diogulako eta lehen jartzen ez genuen arreta jartzen dugulako egiten dugun horretan”.

Mendilerro bat

Asiako Karakorum mendilerroaren izena eman diote diskoari, taldeak orain arte egin duen bidea irudikatzen duelako. “Musika erabat ezegonkorra da, gora-behera askokoa, eta gure bizitza ere halakoxea da. Paralelismo hori naturako elementu batean isla zitekeela ikusi nuen, eta…”, azaldu du Aizpuruk.

Lau urteko bidea laguntasunak goxatu duela argi dute Zallek taldeko kideek. “Lagunak garelako eutsi diogu tinko; izan ere, bidea luzea izan da, baldintzak ez dira onak izan –pandemia ere tartean egokitu zaigu–, denbora asko igaro da eta emaitzik ez dugu jaso…”.

Ahalik eta jende gehienarengana iristea dute xede, bestelako pretentsiorik gabe, jakin bai baitakite “eskema normaletatik” atera direla sortu dituzten doinuekin. Baina argi utzi nahi izan du hori Aizpuruk. “Ohiko egituratik atera gara, baina ez helburutzat jarri genuelako, hala irten zaigulako baizik”.

Hori horrela izanik, herritarrei “gauza berriak entzutera” irekita egoteko eskatu dio Altunak. “Zalleken doinuak ez dira gaur egun kontsumitzen direnen gisakoak, baina kontxo, agian gustatu egingo zaio norbaiti”. Hala azaldu du Aizpuruk ere. “Ematen diotenetik edaten du jendeak, eta oraingo modaren arabera, gure musika zelebrea da. Dena den, halako musika modan balego, halako sorkuntza lan gehiago egongo lirateke”.

Musika esperimental eta instrumental zaleek Gaztetxean dute gaur zita. Joan ezin duenak, berriz, bihartik aurrera izango du Karakorum diskoa online plataformetan entzuteko aukera, baita diskoa erosteko ere.