Azaroaren 25a

Edurne Zubia: "Badirudi denok behartuta gaudela bikotekidea izatera"

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 11a, 10:00
(Argazkia: Ihintza Elustondo)

Indarkeria matxista "oso presente" dago Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailean. Aurten hamabost kasu zenbatu dituzte, iazkoaren bikoitza. Edurne Zubia ez da oso baikorra. 

Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetako teknikari burua da Edurne Zubia zumaiarra. Urteak daramatza arlo horretan lanean, eta kontzientzia gehiago dagoela uste duen arren, zalantza egiten du indarkeria matxistari lotuta gauzak hobetu ote diren. "Gauzak ez dira hainbeste aldatu".

Emakumeen aurkako indarkeriak zer leku hartzen du zuen eguneroko jardunean?

Aurtengo urtean hamabost kasu izan ditugu Gizarte Zerbitzuetan. Norbaitek esango du ez direla asko, baina ez dauzkagu hamabost kasu horiek bakarrik; aurreko urteetan gugana jo duten kasuei ere jarraipena egiten diegu. Gainera, adierazgarria da 2021eko hamabost kasu horietako hiruk oraindik bikotekidearekin jarraitzen dutela. Zenbait kasutan, gainera, umeak daude tartean. Kasu delikatuak izan ohi dira, eta jarraipen oso zuzena egin behar zaio bakoitzari. Indarkeria matxistak pisu handia du gure sailean.

Datuek erakusten dute jende askok oraindik ez duela erasotzailea salatzen.

Jendeari asko kostatzen zaio salaketa ipintzea, baina ez salatzea erabakitzen badute ere, jarraipena egin behar zaie derrigorrez. Batzuei asko kostatzen zaie zer egoeratan dauden onartzea. Duela urte batzuk, adibidez, indarkeria ez zuela jasaten esaten zuen pertsona bat etorri zen gugana, baina ikusten zen ez zegoela ondo. Indarkeria matxista salatzeko mugimenduetan-eta ibiltzen zen, baina azkenean, pixkanaka hasi zen gauzak kontatzen: senarrak etxeko atea puskatu izan zuela, beldurra ematen ziola, batzuetan jo egiten zuela... Eta bera ez zen kontziente zer egoeratan zegoen. Landu genuen gaia, baina halakoak oso prozesu luzeak izaten dira. Horrela etortzen den pertsona bati ezin diozu esan bikotekidea salatu egin behar duela; beste gauza bat da ikustea emakumea arriskuan dagoela eta egoera horretatik atera egin behar dela. Adierazle batzuk agertzen direnean, lan handia egin behar da pertsona horrekin; emakumeari indarrak hartzen lagundu behar zaio egoera horretatik ateratzeko.

Zer zailtasunekin egin ohi duzue topo bide horretan?

Gauza asko izan ohi dira: emakume batzuek bikotekidearekiko mendekotasun ekonomikoa izan ohi dute, eta horrez gain, baita psikologikoa eta soziala ere. Gaur egun, badirudi denok behartuta gaudela bikotekidea izatera, eta ez baldin badaukazu, gizartean ez zaude ondo baloratuta. Garai batean gaizki ikusten zen neskazaharra edo mutilzaharra izatea, eta oraindik ere hor dago estigma hori. Jendea behartuta sentitzen da bikotekidea edukitzera, eta horrek osasuntsuak ez diren harremanak mantentzea dakar. Gainera, familia eredu tradizionalak pisu handia dauka oraindik ere: bikoteak emakume batek eta gizon batek osatutakoa izan behar du, seme-alabekin... Esaten da pauso handiak eman direla, baina ez dakit. Uste nuen gazteen artean hobekuntzak ikusiko genituela, baina ez zait iruditzen hala denik.

Zer nabari duzu gazteen artean?

Gazteek zer ikusten dute filmetan, telesailetan eta sare sozialetan? Zer gizarte eredu ari gara erakusten? Emakume objektuaren ideia ari gara sustatzen.

Nola ari dira eragiten sare sozialak?

Eragin kaltegarria ari dira izaten. Lehen zentsura egoten zen filmetan, eta gaur egun, zentsura hori aplikatu beharko litzateke sare sozialetan edo zenbait programatan. Izan ere, gazteek beren buruek barneratu ezin dituzten gauzak ikusten dituzte. Eragin txar asko jasotzen dute sare sozialetatik, eta oso gaztetatik, gainera. Kontrolatzea oso zaila den mundua da sare sozialena.

Emakumearen objektibizazio horrek indarkeriarekin lotura zuzena duela uste al duzu?

Zuzen-zuzena. Eta jendea ez da ohartzen horretaz. Uste dut pixka bat iparra galduta gabiltzala.

Badirudi kontzientzia gehiago dagoela, borroka gehiago egiten dela eta gizartean gaia errotuago dagoela.

Niri hori fikziozkoa iruditzen zait. Uste dut batzuetan borroka gauza sinpleetan zentratzen dugula, eta gauza askoz ere sakonagoetan, ez. Adibidez, emakumea lan munduan nola dago gaur egun? Oraindik lan handia dago egiteko zentzu guztietan.

Mundu horri dagokionez, zer ikusi duzue Gizarte Zerbitzuetan?

Kasu bat dugu, adibidez, lan munduan indarkeria jasan duena. Eta gauza jakina denez, askok ez dute jotzen gugana. Ni seguru nago emakume pila batek jasaten dutela indarkeria psikologikoa nahiz sexuala lanpostu batera iristeko. Arlo horretan ere lan handia dago egiteko. Izan ere, ez dut uste baliabide nahikorik dagoenik lan eremuan jasandako indarkeria salatzeko. Etxe barruko indarkeriari edo bikote harremanetakoari dagokienez, aurrerapauso handiak egin dira, nahiz eta oraindik asko dagoen egiteko. Dena den, lan munduko kasuak oraindik oso isilpean gordetzen dira.

Azken urteetan gora egin du indarkeria kasuak tarteko Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritarren zenbatekoak. Zeren adierazle da hori?

Iaz zazpi kasu zenbatu genituen, eta aurten hamabost izan dira, oraingoz. Baina estatistikek erakusten dute 2010ean eta 2012an ere kasu dezente izan zirela; beraz, ez dut uste kasu gehiago izan direnik. Gai hau presente egon da, dago, eta gauzek horrela jarraitzen badute, egongo da. Arazoa estrukturala al da? Bai, beti izan da estrukturala. Gauza da orain arreta gehiago jartzen dugula gaian. Gaur egun, komunikabideen bidez eta, beste kontzientzia bat bultzatzen da, eta zerbitzuak ere hor daude.

Gizarte bezala, indarkeria matxistari aurre egiteko zein da gakoa?

Heziketa. Baina ez ikastetxeetako heziketa bakarrik, gurasoekin lan egin behar da, gizartearen balioak landu... Horrez gain, uste dut estatuek esku hartu beharko luketela sare sozialen mundu horretan. Era berean, baliabideak eman behar zaizkio emakumeari erasoei aurre egiteko eta nortasuna izateko. Gure esku ere badago aurre egitea, norberarengandik hasten da lanketa.

Askotan erasotzaileak profil jakin bat izaten duela pentsatu ohi du jendeak; hau da, atzerritarrak izaten direla. Hori horrela al da?

Datuek erakusten dute ezetz; Azpeitian aurten gugana jo duten kasuak oinarri hartuz gero, erasotzaileen erdiak bertakoak dira. Hori bai, egia da gizon erasotzaileek beti profil bat izan ohi dutela, izan hemengoak ala kanpokoak. Nortasun gutxikoak izan ohi dira, oso manipulatzaileak, eta askotan, kontsumitu egiten dute, bai alkohola, bai bestelako drogak; gainera, gero eta gehiago dira jokoarekin arazoak dituztenak. Gizona manipulatzailea baldin bada, baina emakumeak haren beharra sentitzen baldin badu zenbat maite duen edo zeinen ederra den entzuteko... Guri arlo horretan tokatzen zaiguna da ahalduntze lana egitea, emakumeari ikusaraztea hori ez dela osasuntsua.