Bestaldetik

Geldirik ez, behintzat

Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 6a, 09:02
Jexux Zelaia. (Mailo Oiarzabal)

Kirolaz eta naturaz gozatzen dakien horietakoa da Jexux Zelaia (Azpeitia, 1965). Atleta herrikoia eta arrantzale federatua izan da urte askoan, eta azkenaldi luzean, beteranoen sailera igarota, mendi lasterketetan sari bat baino gehiago lortu ditu. Bera da Bestaldetik atalaren protagonista 2021eko azaroko Uztarria aldizkarian.

Umetatik datorkio Zelaiari naturan eta bere kabuz ibiltzeko zaletasuna, jakin-mina eta ikusmina pizten dio gaur egun ere ingurune naturalak, eta joera horrek eragin handia izan du bere ibilbidean, eta ez kirolean bakarrik.

"Txikitan, gure garaian, futbolaz gain ez zegoen ezer", dio, kirolarekin lehen hartu-emanak nola gogoratzen dituen galdetuta. Baina futbolarekin izandako esperientzia ez zen ez oso luzea, ez oso atsegina izan, nonbait, beretzat. Zelaiaren aitak entrenatzen zuen lagun taldearekin Zubiolan jokatzen ziren txapelketetan parte hartzen zuen, eta Zestoako talde baten kontra jokatutako partida bat ekarri du gogora: "Ni txikia nintzen, beste batzuei baino beranduago egin zitzaidan gorputza. Irten eta segituan, Zestoako taldeko jokalari batek –egundoko mutila– kristoren ostikada eman zidan. Eta han bukatu ziren nire futbolak". Korrika egitea gustatzen zitzaion orduan ere Zelaiari, eta futbolean lagunarteko txapelketak-eta jokatzen zituztenean "fisikoki" lagunak baino "hobeto" moldatzen zen, baina kirol horretan ez zen haratago joan.

17-18 urterekin hasi zen atletismoan trebatzen, baina federatzera iritsi gabe. "Julian Olano zen gure entrenatzailea. Loiolan egiten genituen entrenamendu saioak", gogoratu du. Atletismoan urratsak egin ahala, pistan entrenatzeko zein lehiatzeko aukerak oso mugatuak izanik –"oso ona izan behar zinen horretarako"–, lasterketa herrikoien bideari eutsi zion azpeitiarrak. Pixkanaka eta denborarekin hango eta hemengo lasterketetan "pikatzen" joan zen, berak dioen moduan. "Azpeitiko maratoi erdia, Behobia... egiten hasi nintzen", kontatu du. Maratoi bat ere osatu zuen, Donostiakoa, baina ez du besterik korritu. Esperientzia bakar haren oroitzapen onik ez du: "Egundoko haizea ibili zen, hego haize zakarra, hesi guztiak bota zituen... Hiru ordutik jaistea lortu nuen, baina gaizki, sentsazio txarrarekin bukatu nuen. Anoetan, lasterketa bukatu eta freskagarri bat edan nuen. Hustutakoan, koska txiki baten ondoan zegoen zakarrontzira bota nuen potea, baina lurrera erori zitzaidan. Koska txiki hura igo behar nuen, freskagarriaren ontzia jaso eta zakarrontzian uzteko, eta 'nola egin behar dut orain?', pentsatzen nuen. Ez neukan ezertarako indarrik".

Errepide gaineko lasterketa herrikoi askotan aritzen zen Zelaia, "baina ez zegoen mendi lasterketarik". Horrelakoak hedatzen hasi zirenean, ez zuen denbora asko egin probatu gabe. Eta probatu, eta gustatu; horretan jarraitzen du egun. "Askoz errazagoa" egiten zaio azpeitiarrari mendi lasterketetarako entrenatzea, "entretenigarriagoa" da beretzat mendian aritzea. Gogorragoa egiten zaio, aldiz, "Loiolan bueltaka edo Azkoitira joan-etorrian, erritmo berari eutsiz" ibiltzea. Zegama- Aizkorri mendi maratoia zortzi aldiz egin ondoren, inguruan "pixkanaka" antolatzen hasi ziren igoera bertikaletan ere probatzea erabaki zuen. Lasterketa luzeak eta bertikalak, biak tartekatuz ibili zen sasoi batean, baina prestakuntza aldetik-eta "desberdinak" zirelako eta "denera ailegatu ezin" zuelako, bertikalen alde egin zuen azkenean Zelaiak. "Inoiz ez dut sekulako mailarik izan", aitortu du azpeitiarrak, baina maila bertsuari denbora luzez eutsi dio, eta beteranoetan lehiatzeko unea iritsitakoan alde izan du hori. Entrenatzeko eta lehiatzeko "gogoa" ere mantendu du. "Minik hartu gabe, gogoarekin eta entrenatzeko denborarekin", hor darrai, 56 urterekin. Aurten, batez beste, astean bost-sei aldiz igo da Xoxotera; Izarraizko tontorrera egiten dituen joan-etorriak dira bere lansaio nagusiak. 2020ko udaberriko konfinamenduaren ondoren, 70 egunez jarraian igo zen Xoxotera: "Uztailean Asturiasen [Espainia] asteburu bat pasatzeko tokia hartuta genuen. Horregatik ez zen iritsi 71.a".

Zegama-Aizkorri mendi maratoian. (Utzitakoa)

Arrantzan, beti

"Txikitatik asko ibili izan naiz arrantzan", dio Zelaiak, bere beste zaletasun nagusia gogora ekarriz. Arrainez gain, txoriak "harrapatzen" ere aritzen zen gaztetan; hegaztiak erakartzeko apeu edo erreklamoekin asko ibiltzen zen. "Etxean kaiolak neuzkan, eta kardantxiloak, tarinak... edukitzen nituen horietan". Ehizan ere aritzen zen, eta aritzen da oraindik ere, "oilagorretan, txakurrekin". Usotara joateak, esaterako, ez du erakartzen. "Ez zait gustatzen postuan jarri eta usoak etortzeko zain egote hori". Ehiza txakurrak eduki izan ditu eta badauzka orain ere, "setterrak". Ehizan ez ezik, txakur krosetan ere erabili izan ditu txakurrak; bere zaletasunetako bi uztartuta, sari batzuk irabazitakoa da arlo horretan ere, tartean, beteranoen mailako Txakurkros Liga. Beti zerbait, baina egonean egotea, ez. "Geldirik egote hori ez zitzaidan gustatzen. Nahiago izaten nuen pasierara joatea, edo mendira, perretxikotara edo dena delakora", dio.

"Naturarekin lotura duten gauzak" egitea gustatzen zitzaion eta gustatzen zaio, oro bat. Ikasketak aukeratzerakoan ere izan zuen zerikusirik naturzaletasunak. "Berez, Zoologia edo Botanika ikasi nahi nuen, Albaitaritzaren bidea ere hor zegoen... Baina horretarako kanpora joan behar nuen ikasketak egitera, eta gehienez, Bilbora joango nintzela erabaki nuen. Leioatik ez mugitzearren, Ekosistemen Biologia ikasi nuen". Irakaslea da azpeitiarra; oposizioetan matematikak irakasteko plaza lortu zuen, eta 2000. urtetik Azkoitia BHIn ematen ditu eskolak. "Lan gogorra" dela dio, baina jende gaztea ezagutzea eta haiekin egotea "aberasgarria" zaiola ere bai: "Behobiaren parekoa dela esaten dut nik. Behobiak beti 20 kilometro, eta guk urtero urte bat gehiago. Nire kasuan, ikasleek beti 15 urte, eta nik urtero urte bat gehiago".

Arrantza da inoiz utzi ez duen afizioa: txikitan piztutako zaletasuna garatzen joan da urteekin, eta aurten arte, ez du gogoan txapelketaren batean parte hartu gabeko urterik; Zumaiako Anade elkarteko kidea da. 18 urterekin hasi zen txapelketetan parte hartzen, modalitate ezberdinetan, eta 2001ean Euskadiko bi txapelketa irabazi zituen, kanabera motzarekin zein latigoarekin. Lorpen bikoitz horren aitortza jaso zuen herrian, Azpeitiko Udalak urteko kirolari aipagarrienen artean saritu baitzuen. "Herrian saria emateak ilusioa egiten" duela dio Zelaiak; arrantzan lortutako txapelengatik jaso zuen sari hura lehendabizikoa izan zen, ondoren mendi lasterketetan egindako lanagatik ere saritu baitzuten. Heriotzarik gabeko arrantza praktikatzen du aspalditik, eta "arauak betetzea" gustatzen zaio; isileko edo ezkutuko arrantza jardunak ez ditu gustuko. Ingurumenarekiko, bereziki erreken eta ibaien egoerarekiko, "kontzientzia" lantzeko ere balio izan dio Zelaiari kirol jarduerak naturan garatzeak; behin baino gehiagotan salatu izan ditu inguruko ibaietan gertatutako isurketak edota bestelako egoera kaltegarriak. Errezil erreka da beretzat arrantzan aritzeko leku kutunena; "han ikasi nuen nik arrantzan, neure kabuz", gogoratu du.

Arrantzan, betiko bere zaletasunean. (Utzitakoa)

Ibaiak eta mendiak eskura

Mendira nagusiki korrika egitera joaten da aspalditik, baina udazken sasoian perretxikotan ibiltzea ere gustatzen zaio, hori ere badago-eta Zelaiaren zaletasunen zerrendan. Sarri bi jarduerak batzen dituela dio: "Korrika igo, baina beherakoan makalago joaten naiz, perretxikoak non dauden begiratuz. Etxekoek jateko tortilla bat egiteko lain topatzen badut, gustura". Xoxoteko bidean topatzen duen zaborra jasotzen ere gelditzen da batzuetan; azkenaldian maskarak topatzen ditu sarri. "Orain gutxiago, baina iazko konfinamenduaren ondoren dezente jasotzen nituen. Ez dut uste nahita botatakoak direnik, gehienak jendeari eroritakoak direlakoan nago", esan du.

Aire zabalean eta naturarekin harremanetan ematen ditu Zelaiak lanetik kanpoko ordu asko, baina ez bakarrik kirola egiten. Azken urteetan, baratze lanean trebatzeko aukera ere izan du. Emazteak proposatuta hartu zuten lursaila, herrian baratze parkea martxan jarri zutenean, eta biak aritzen dira baratzezain. "Gustatu egiten zait, eta ordu dezente pasatu ditut han aspaldian". Baratzeko fruituak hazietatik hazten ikustea da gehien gustatzen zaion gauzetako bat. "Lan gehiago eskatzen du tomate hazietatik zeuk landareak ateratzeak, landareak erosteak eta landatzeak baino. Baina aurten, esaterako, etxean jan ditugun tomate guztiak hazitik ateratakoak izan dira".

Etxean, "lasai" egotea gustatzen zaio. Irakurtzen edo telebista ikusten duenean, gaurkotasuneko gaiak jarraitzeko izan ohi dela dio, "zer gertatzen ari den jakiteko". Kalera irteten denean ere, lasai ibiltzea da bere hautua, gero eta gehiago. Tabernaz taberna ibiltzea gaur egun beretzat "tortura bat bezala" dela aitortu du, eta egungo egoerak, pandemiaren ajeek, areagotu egin diote sentipen hori. Emaztearekin edo bakarrik kafe bat hartzera ohitu da, eta hortik aurrerakoek ez dute batere erakartzen, "orain, ja, ez". Familiarekin "plan lasaiak" egitea du gustuko. Seme-alabak beren aldetik gero eta gehiago ibiltzen hasi direnetik, ordea, horrelako planak egiteko "laurak elkartzea gero eta zailagoa" dela aitortu du: "Azkenean, lehengo bikote egoerara bueltatzen ari gara, baina askoz zaharrago".

Karnabaletan, mozorrotuta. Ezkerrekoa da Zelaia. (Utzitakoa)

Festazalea ere, izan baino izandakoa dela esan daiteke. Herriko festa "denak" asko eta ondo gozatutakoa da Zelaia, baina urteekin horiek bizitzeko modua aldatzen joan zaio. Hainbat urtez mazolari atera izan zen prozesioetan. Sokamutur zalea da, eta zezenketa zalea ere bai, baina hori ere, izandakoa gehiago. "Horrenbeste ez zitzaidala gustatzen ikusi nuen momentu bat ailegatu zen. Ez dakit orain nola izango diren gauzak, asko deskonektatu dut eta, baina garai batean zezenari indarra kentzeko neurriak hartzen hasi ziren, adarrak mozten...". Sansebastianetako danborradan urte askotan parte hartutakoa ere bada, 2007ra arte. Urte hartan, beste bati utzi zion Zokoa elkarteko bere jantzia; ama larri zegoen eta handik gutxira hil zen. Harrezkero ez da irten danborradan, eta ez daki berriro irtengo den. "Festetan nire kupoa bete nuela uste dut, ondo beteta, gainera, eta oroitzapen onak besterik ez dauzkat".

Ibaiak eta mendiak eskura izango dituen parajeak dira Zelaiarentzat gustuko plana diseinatzeko leku aproposak. Bazterrak ezagutzeko aukera emanda, ez da "monumentuak ikustera eta" joan zalea, baina bai "natura, mendiak edota kobazuloak". Mendi lasterketetan parte hartzeko egiten dituen irteerek berari gustatzen zaizkion moduko leku berriak ezagutzeko aukera eman diote; Jaengo (Espainia) Albanchez de Magina da horien artean gehien harritu dutenetako bat.