Astelehenean jarriko dituzte salgai tokiko merkataritza sustatzeko erosketa bonuak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 10a, 12:22
Udaleko eta Bertaneko kideak erosketa bonuen kanpainaren aurkezpenean. (Azpeitiko Udala)

50 euroko bi mila bonu kaleratuko dituzte aurten, eta horiek 35 eurotan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Aurrez aurre nahiz Internet bidez salduko dituzte erosketa txartelak. Azpeitiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek kanpainarekin bat egiteko aukera dute oraindik ere. 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak, gehienez, bi eskuratu ahal izango ditu.

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Azpeitia Zaindu erosketa bonuen kanpaina jarriko dute martxan. Astelehenean, azaroak 15, hasiko dira bonuak saltzen, eta 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak, gehienez, bi eskuratu ahal izango ditu –bere izenean eta beste pertsona baten izenean erosiz gero, lau eskuratu ahal izango dira–. Bonu horiek urtarrilaren 5era arte erabili ahal izango dira, kanpainarekin bat egiten duten saltokietan.

50 euroko bi mila bonu kaleratuko dituzte aurten, eta horiek 35 eurotan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. Aurrez aurre nahiz Internet bidez salduko dituzte erosketa txartelak: Azoka Plazan jarriko duten postuan eskuratu ahal izango dira 09:00etatik 13:00etara nahiz 15:00etatik 17:00etara; eta Internet bidez, honako lotura honetan.

Bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta horietako bakoitza banaka erabili ahal izango da. Dena den, hamar euroko bonu bakoitza behin soilik erabili ahalko da. Herritarrak egiten duen erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa baldin bada, aldea ez dute esku dirutan itzuliko, eta bonuak ere ezingo dira diruagatik trukatu. Produktua itzultzen baldin bada, saltokiak erosketaren zenbateko osoaren bonu propioa egin beharko du.

Kanpainara batzeko aukera

Azpeitiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek kanpainarekin bat egiteko aukera dute oraindik ere. Hain zuzen ere, Bertaneko kide direnek nahiz ez direnek izango dute horretarako aukera. Udalak eta Bertanek jakinarazi dutenez, aurrez bonu kanpainan parte hartu izan duten saltokiak modu automatikoan batuko dituzte aurtengo ediziora.

Lehen aldiz parte hartu nahi dutenek, berriz, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan azaroaren 12a, ostirala, baino lehen, 943-02 56 73 nahiz 688 823 944 telefonora deituta edo bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita. Kanpainarekin bat egiten duten saltokiek kartel bat jasoko dute, establezimenduaren kanpoaldean jar dezaten.

Azpeitiko Udalak bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak bultzatzea du xede, eta herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea. Horretarako, 30.000 euro bideratuko ditu udalak bonu kanpainara, eta herritarren ekarpenekin 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena izango du tokiko merkataritzan eta ostalaritzan. Nagore Alkorta alkateak adierazi duenez, garai ekonomiko "ezegonkorrak" dira. "Azken hilabeteotan inoiz baino gehiago ohartu gara bertako eta tokiko ekonomiak duten garrantziaz. Tokiko eta gertuko merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresa txikien alde egitea norbere erabakia da; beraz, erabaki dezagun Azpeitiaren alde egitea".

Alicia Gomez Bertaneko batzordekideak ere ildo beretik hitz egin du: "Bertako ekonomia bultzatu behar dugu; hemen erosi, hemengoa indartzeko. Herritarrok egin dezakegu Azpeitiko ekonomia indartsu erosketen gaineko erabakiekin". Aldi berean, zera adierazi du: "Gabonak datoz, kontsumo handiko garaia, eta badirudi mundu mailako logistika arazoak egon daitezkeela. Horren aurrean, herriko saltokietan erosteak izan behar du irtenbidea".