Lasaora itzuli dira festak

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 7a, 14:46

Bertako produktuen azokaren eta soziedadearen artean dozenaka lagun ibili da gaur eguerdian, festen itzulera ospatzen. Umeen txanda izango da arratsaldean, eta hilaren 11tik aurrera jarraituko dute lasaotarrek jaiak ospatzen.

Koronabirusak eragindako iazko etenaren ostean, festak itzuli dira, eta Lasaoko sanmartinak dira bailaran ospatzen hasi diren lehendabizikoak. Gaur, bertako nekazal produktuen eta abereen azokarekin hasi dira Lasaon aurtengo festak ospatzen; hilaren 11tik aurrera berrekingo diote egitarauari.

Urtero legez, sasoiko barazkiak, sagarrak, gozoak eta beste hainbat produktu erakusgai, salgai eta dastagai izan dira pilotalekuan gaur goiz-eguerdian, baita auzoko baserrietako hainbat abere ere. Azokaren eta soziedadearen artean, dozenaka lagun ibili da gaur eguerdian Lasaon festen itzulera ospatzen. Auzoko trikitilari gazteak eta bertako erraldoiak eta buruhandiak ere hara eta hona ibili dira eguerdian, festa giroa borobilduz.

Haurrak eta gaztetxoak izango dira, hain zuzen ere, arratsaldeko nagusiak. Auzo elkartean bazkaldu ondoren, 16:00etatik aurrera beraientzako puzgarriak egongo dira frontoian, eta 17:00etan txokolate jana ere bai.