33 lagun ari dira parte hartzen Udazkeneko XXXI. Argazki Rallyan

Hainbat parte-hartzaile rallyrako izena ematen gaur goizean Argazki Elkartearen egoitzan. (Juan Mari Ibarzabal)

Udazkeneko Argazki Rallyaren XXXI. edizioa ari dira egiten gaur, igandea, Azpeitian. Argazki Elkarteak antolatuta, 33 lagun ari dira rallyan parte hartzen: Azpeitiko, Zestoako, Donostiako, Altsasuko, Barakaldoko, Bilboko, Legazpiko, Lazkaoko, Idiazabalgo nahiz Ondarroako argazkilariak izan dira bertan. 09:00etatik 09:30era bitartean izan da zabalik izen-emate epea Argazki Elkarteak Dinamoa sormen gunean duen egoitzan, eta 13:30ean bukatuko da egitasmoa. Hain zuzen ere, ordu horretarako pasatuko dituzte edukiak ordenagailuetara argazkilariek.

Hainbat gairi lotutako argazkiak atera behar izan dituzte argazkilariek, elkarteak prestatutako ibilbidean barrena. Honako hauek izan dira aurtengo rallyrako gaiak: udazkena, ibaia, animalia, enfokea-desenfokea eta pikatua-kontrapikatua. Parte-hartzaile bakoitzak gaur ateratako 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu azaroaren 14a bitartean, eta XXXI. rallyaren sari banaketa ekitaldia azaroaren 27an izango da, Argazki Elkartearen egoitzan. Helduen artean bost sari banatuko dituzte, eta gaztetxoen artean, berriz, hiru.

Aurtengo argazki rallyak izan du berrikuntza bat; Lagun Onak Mendi Bazkunak ez du parte hartu antolakuntzan, eta aurrerantzean, rallya udazkenekoa baino ez da izango –orain arte mendikoa eta udazkenekoa izan ohi zen–.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide