Zu zeu

Ane Agiriano: "Argi ona eta pazientzia behar dira bitxiak egiteko"

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 28a, 12:04
Ane Agiriano, bitxigintzan. (Utzitakoa)

Enpresa ikasketak egin zituen Ane Agirianok (Azpeitia, 1996), eta egun, enpresa bateko finantza arloan lan egiten du. Dena den, badu beste zaletasun bat: bitxiak egiten ditu denbora librean. Erindi izena du haren proiektuak, eta 2021eko azaroko Uztarria aldizkariko Zu zeu atalean hitz egin du horretaz.

Nolatan hasi zinen bitxigintzaren munduan murgiltzen?

Txikitan asko egiten nituen, baina unibertsitatean hastean, albo batera utzi nuen afizioa. Dena den, konfinamendu garaian, ganbaran gordeta nituen gauzak ateratzen hasi nintzen: berriro hasi nintzen bitxiak egiten, margotzen... Hasieran, niretzako eta etxekoentzako sortzen nituen bitxiak, baina gero, lagunek, bikotekideak nahiz familiakoek Instagramen kontu bat zabaltzera animatu ninduten, jendeak zer egiten nuen jakin zezan. Pausoa ematea erabaki nuen.

Konfinamenduak gauza onak ere ekarri ditu, beraz.

Bai [barreak]. Nire sormena ateratzeko balio izan du, behintzat.

Zer-nolako bitxiak egiten dituzu?

Belarritakoak eta lepokoak egiten ditut, baina belarritakoetan zentratzen naiz gehienbat. Gainera, maskarak erabiltzen hasi ginenean, horientzako lokarriak egiten ere hasi nintzen. Ideia bat izaten dudanean, paperean marrazkia egin, behar dudan materiala eskatu eta sortze prozesuari ekiten diot.

Zer material erabiltzen duzu?

Batez ere, letoia. Niri ez zait gustatzen asko pisatzen duten belarritakoak erabiltzea, eta horregatik, material egokia iruditzen zait letoia, pisu handirik ez duelako. Horrez gain, gustatzen zait harri bitxiak bilatzea, zerbait berezia sortzeko.

Non saldu ohi dituzu bitxiak?

Instagrameko kontua tarteko, astero egin ohi ditut bidalketa batzuk. Horrez gain, herriko mertzeria batean saltzen ditut, eta azoka batean ere parte hartu nuen aurreko batean. Oso esperientzia polita izan zen azokakoa, eta agian, animatuko naiz gehiagotan parte hartzera.

Etxean bertan sortzen dituzu bitxiak, ezta?

Bai, horretarako txoko bat prestatuta dut, mahai batekin; askoz gehiago ez dut behar. Hantxe egoten naiz deskonektatzea behar dudanean.

Erlaxatzen laguntzen al dizu bitxigintzak?

Asko deskonektatzen dut bitxiak egiterakoan; gustura eta erlaxatuta aritzen naiz. Bitxiak egiteaz aparte, argazkilaritza ere asko gustatzen zait, eta xehetasunak asko zaintzen ditut Instagramerako argazkiak ateratzerakoan. Zerbait saltzen dudanean, paketea prestatu behar izaten dut, eta hori ere mimo handiz egiten saiatzen naiz.

Kontuz-kontuz egin beharreko lana izango da, ezta?

Bai, argi ona eta pazientzia behar dira bitxiak sortzeko.

Erindi da zure proiektuaren izena. Nondik dator izen hori?

Duela urte batzuk, bidaia bat egin nuen Afrikara, Namibiara, eta izugarri gustatu zitzaidan Erindi izeneko parke nazionala. Bidaia haren oso oroitzapen politak dauzkat, eta horregatik aukeratu nuen izen hori.

Denbora asko eskaintzen al diozu proiektuari?

Niretzako zaletasuna da bitxigintzarena, eta denbora librea aprobetxatzen dut bitxiak sortzeko: arratsaldeak, asteburuak... Amari eta ahizpari ere asko gustatzen zaie nire afizioa, eta asko laguntzen didate. Gainera, askotan, nire ondoan egoten da Maia txakurra, eta hura ere proiektuaren parte dela sentitzen dut.

Nola ikasi duzu? Autodidakta al zara?

Autodidakta naiz, bai. Egin nuen ikastaro bat oinarrizko jakintza batzuk izateko, baina bestela, neure kabuz joan naiz ikasten, Interneten ideiak hartzen, bideoak ikusten... Dena den, badut buruan beste ikastaroren bat egitea; gustatuko litzaidake, adibidez, zilargintza ikastea.

Aurrera begira, zer nahiko zenuke?

Egia esan, ez dut asko pentsatu. Baina ideia berri asko dauzkat buruan. Bitxigintzak zaletasun izatetik lanbide izatera pasatu behar badu, gertatuko da. Baina hori ezin dut jakin; denborak esango du.